Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 263.021 eurotan adjudikatu ditu Muzategi kalea hobetzeko eta birzolatzeko obrak

Muzategi.

Muzategi.

2021/04/12

Otegui Gaztañaga enpresari adjudikatutako lanak 17 astean egingo dira. Obra hauek Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikin berriaren ingurua urbanizatzeko proiektu bateratuan sartzen dira.

Eibarko Udalak Muzategi kalea hobetzeko eta birzolatzeko obren exekuzioa 263.021,87 eurotan (BEZa barne) esleitu dizkio Construcciones Otegui Gaztañaga SL enpresari, eta lanak egiteko 17 asteko epea eman. Obra adjudikatzeko, Udalak Ingelan SL ingeniaritza taldeak bere garaian egindako proiektuan oinarrituz aztertu eta baloratu ditu aurkeztutako lau eskaintzak.

Egitasmoak, batetik, Muzategi kaleko eraberritze integrala eta kalearen hobekuntza jasotzen du, eta, bestetik, kale hori eta Errebal Plaziak izango dituen hainbat terraza lotzen ditu; hala, Errebal kaleko konexioa hobetu egingo da. Gainera, ezabatu egingo da gaur egun espaloiaren eta bidearen artean dagoen koten arteko aldea, eta koexistentzia gune bat sortuko da.

Egitasmo honetarako, Errebal kaleko urbanizazioko eta funtzio anitzeko eraikinaren inguruetako materialak erabiliko dira, azken emaitza osotasunean armonikoa izan dadin. Halaber, lan horiek baliatuko dira zerbitzu-sareak berrizteko, hala nola, edateko ur-hornidura, saneamendua (euri-urak eta ur beltzak), argiteria publikoa eta telefonia-sareak.

Muzategi kaleko obra hauek Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikin berriaren ingurua —amaitzen ari dira obrak— urbanizatzeko proiektu bateratuan sartzen dira.

Jon Iraola alkatearen esanetan: “asmoa da 2021ean zehar Errebal Plazarekin batera —zeinaren irekierak eta abian jartzeak herriaren inguru hori irauli nahi duen— Errebal kaleko obrak amaitzea, bai eta Merkatu eta Muzategi kaleetan aurreikusitako lanak ere, hala, hiri-ingurune eraberritu eta atsegin bat lortuz herritar guztien atsegingarri".