Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 256.000 euroko dirulaguntzak emango ditu, nazioarteko lankidetza-programa, sentsibilizazio-proiektu eta elkartasun beketarako

2019/09/26

Partidaren zati gehiena Perun, Argentinan, Filipinetan eta Mendebaldeko Saharan egingo diren GKEetako bost proiektutarako izango da. Elixabet Manzano eibartarrak beka bat jasoko du itsas salbamendu humanitarioko egitasmo baterako.

Eibarko Udalak erabaki du hainbat dirulaguntza ematea 2019ko deialdiaren barruan, guztira 256.359 eurokoak, garapenerako nazioarteko lankidetza-programa, sentsibilizazio-egitasmo eta ‘Elkartasun bekak’ izeneko proiektuetarako. Hiru programetarako proposamenak aurkezteko epea amaitu ondoren, eta aurkeztu direnak aztertu ostean, Udalak jarraian zehaztuko diren dirulaguntzak  ematea erabaki du.

Partida 236.859 eurokoa da eta deialdian aurkeztutako bost proposamenen artean banatu da. Egoaizia GKE-k 80.000 euro jasoko ditu Peruko Piura herrialdeko Lalaquiz barrutian lurralde-garapenerako gestio hitzartua indartzeko egitasmo baterako. Proyde-Proega-k 67.859 euro jasoko ditu hezkuntza-zentro tekniko bat handitzeko Argentinako Cordoba probintziako herri batean.

Beste 56.000 euro Eibar-Ermua Gurutze Gorrirako izango dira; dirua Filipinetako Metro Manilan bazterketa-arriskuan dauden gazteak eta beste talde batzuk gizarteratzeko egitasmo baterako izango da. Eibarrek diruz lagundutako laugarren egitasmoa Peruko hiriburuan egingo da, Lima hiriburuko Barrios Altos-en eta xedea izango da espazio publikoan haurrak kontuan hartuz egingo den esku-hartze integralaren lehen etapa burutzea. Eta diruz lagundutako bosgarrena Eibar-Sahara Elkarteak aurkeztutakoa da; 8.000 euro jasoko ditu Mendebaldeko Saharan, Tindoufen, errefuxiatu sahararren kanpamentuetako heziketa bereziko eskoletarako.  

Garapen-lankidetzarako sentsibilizazio-proiektuak egiteko dirulaguntzen atalean, 2019an zehar, Udalak erabaki du 18.000 euroko laguntzak ematea aurkeztutako lau proposameni. Sentsibilizazioa bultzatzea da programa honen helburua; alegia, Eibarko gizartean garapen bidean dauden herrialdeekiko eta horietatik etorri diren pertsonekiko elkartasuna eta kontzientziazioa sustatzea, eta balio hauek indartzea: ekitatea, tolerantzia, diskriminazio-eza, eta jatorri ezberdinetako gizaki eta kulturen arteko elkartasuna.

Egoaiziak 7.300 euroko dirulaguntza jasoko du ‘Eibar arduratsua’ izeneko proposamenagatik, zeinak formazioa eta sentsibilizazioa bultzatu nahi dituen eibartarrek kontsumo etiko eta arduratsua izan dezaten. Proyde-Proega GKE-k 4.000 euro jasoko ditu ‘Eibarren bidezko elikadura sustatzen’ proiektuagatik. Safa Elkarteari 2.200 euro eman zaizkio ‘Eid al fitr. Kultura musulmana eibartarrengana gerturatzen’ proiektuagatik.

Eta diruz lagunduko den laugarren egitasmoa Aldatze ikastetxearen eta Ikasleen Gurasoen Elkartearen hezkuntza-komunitatearen lana indartzea izango da, Eibarren ingurumen-degradazioaren aurka lan egiteko eta eredu sozial inklusibo baten alde eta ingurumen aldetik iraunkorra izango den gizarte baten alde eraldaketa-prozesu bat sustatzeko; 4.500 euroko dirulaguntza izango da eta Egoaziak bultzatuko du.

‘Elkartasun Bekak’ izeneko laguntzei dagokienez, erabaki da 1.500 euroko beka bat ematea Elixabet Manzano Oyarzabali itsas salbamendu humanitarioko lan bat egiteko. 'Elkartasun Bekak' programak bere aldetik, lankidetzako bekak ematea du helburu, Eibarko gazteen artean nazioarteko elkartasunaren balioa sustatzeko. Beka horiek eskuratzeko bete beharreko baldintzen artean honako hauek ditugu: lankidetza hori GKEren bat garatzen ari den edo martxan jarriko duen proiekturen batean egitea eta xede-herrialdean gutxienez bi hilabetean egotea.