Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak “Hijos de Gabilondo SL” eraikinaren eraispen partzialaren obra Tximistxharri enpresari adjudikatu dio

Artxiboko irudia. Hermanos Gabilondo enpresaren irudia.

Artxiboko irudia. Hermanos Gabilondo enpresaren irudia.

2024/02/06

Adjudikazioaren zenbatekoa 209.753,50 eurokoa da eta kontratuaren egikaritze-epea 10 astekoa. Aurreproiektua Hirigintza Batzordean aurkeztu zen irailean eta haren helburua da Urkizu-Barrena aldeari espazio berri bat ematea, jarduera ekonomiko eta soziokulturalak garatzeko.

Udalak “Hijos de Gabilondo” eraikinaren eraispen partzialaren obra Tximistxharri enpresari adjudikatu dio 209.753,50 eurotan.  Enpresa horrek lortu zuen puntuaziorik altuena lehiaketa publikora aurkeztu ziren enpresen artean.

209.753 euro hauek 7,5 milioi euroko kopuruari gehitu behar zaizkio, horixe baita aurkeztutako aurreproiektuaren gutxi gorabeherako kostua, zeinak Barrena kalea eta Urkizu ingurua berroneratzea duen helburu. Azpimarratu behar da Udalak 5 milioi euro inguruko dirulaguntza jaso duela Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Sailburuordetzaren eskutik.  Egitasmo hau apustu garrantzitsu bat da espazio berriak sortzeko, hiru-antolamenduko lurralde mailako eta udal mailako planen ardatz estrategikoekin bat etorriz.

Azpimarratu behar da jatorrizko eraikina ez dela botako. Eraispen partzialerako egikaritze-epea 10 astekoa da eta proiektu osoarena 2025eko abendurako izatea espero da.

Jardueran birgaitu egingo da 1938ko etxebizitza-eraikina eta eraitsi egingo dira enpresaren alboko zatiak, eraikinaren jatorrizko konfigurazioari eutsiz. Horrek aukera emango du espaloia zabaltzeko, aparkaleku berri bat egiteko —obra gauzatzean kendu behar direnak konpentsatzeko—, eta, gainera, funtzio anitzeko espazioak eta jolaserako eta aisialdirako guneak egiteko, bai Barrena kalean bertan, bai eraikinaren estalkian.

Eraikin nagusiak, hala, protagonismoa berreskuratuko du jatorrizko egoerara itzulita, eta, funtsean, jarduera ekonomiko eta soziokulturaletarako espazioak eskainiko ditu. Eta, hain zuzen, lanean ari dira espazio horiei edukia emateko. 

Eraispen partzialarekin, aparkaleku berri bat egingo da, gaur egun Barrena kalean, eraikinaren aurrean, aparkatzen duten autoak hartuko dituena; horrek espaloia handitzea ahalbidetuko du. Mendebaldeko gunean, egoteko espazio moderno eta erakargarri bat egingo da, diseinu eta konfigurazio modernoekin, eraikinerako sarreraren eta estalkirako sarbidearen aurrealdean. Gainera, aisialdirako gune bat sortuko da, gazteentzako kirol- eta entretenimendu-ekipamenduak izango dituena.