Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 200 euro emango dizkie langabezian dauden pertsonei eta ekonomia-baliabide urriko pentsiodunei

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/09/11

Ogasun Batzordeak onetsi egin du Sonia Archeli buru duen Gizarte Zerbitzuen Sailak sustatutako laguntza-deialdia. Udalak 146.800 euro jarri ditu bere Aurrekontuan. 2023ko irailaren 11tik irailaren 29ra bitartekoa izango da laguntza eskatzeko epea, egun biok barne.

Eibarko Udalak urte honetan ere lagundu egingo die langabezian dauden pertsonei eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten pentsiodunei. Emango dien aparteko laguntza hori 200 eurokoa izango da urteko, baldintza jakin batzuk beteta, betiere. Ogasuneko Batzorde Aholkulariak egin zuen azken bileran onartu zuen asmo honi erantzuteko partida, bazterketa-arriskuan dauden pertsonei laguntzeko helburuz Udalak azken urte hauetan eman izan duen bezala.

Hasieran ematen zen laguntza 150 eurokoa izaten zen, baina kopurua igotzen joan da, eta gaur egun 200 eurokoa da pertsona bakoitzari ematen zaion zenbatekoa. Horrela, Udalak Gizarte Zerbitzuen Sailaren esku jartzen dituen 146.800,00 euro horiek 734 pertsonarengana iristeko balio izango dute. Aurreko urteetan programa honek izandako emaitzak aztertu ondoren, uste da horixe izango dela Eibarren aurten laguntza jaso dezaketenen kopurua.

Sonia Archeliren hitzetan, «Udalaren gizarte-zerbitzuen politikak konpromiso sendoa du diru-sarrera gutxi duten langabeei eta pentsiodunei laguntza zuzena eta irmoa emateko. Eibartar guztiei gutxieneko ongizate-maila bermatzea garrantzitsua delakoan gaude.”

Horrela, urteko 200 euroko laguntza hau Udalak talde zaurgarrien oinarrizko premiak bermatzeko dituen programen barruan sartzen da. Langabetuek eta pentsiodunek, DBEa eta/edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 2023ko urtarrilaren 31n kobratzeaz gain, Eibarren gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera erroldatuta badaude, laguntza hori eskatu ahal izango dute irailaren 11tik 2023ko irailaren 29ra arte (biak barne). Eskaerak PEGORAko sarrerako atearen ondoan dagoen postontzian utzi behar dira. Bestalde, Elikagaien Bankuaren 2023ko urtarrilaren 31ko programan sartuta dauden pertsonentzat ere zabalik dago deialdia.

Hala ere,  laguntza hori jasotzeko epea itxi ondoren baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen kopurua goian esandakoa baino handiagoa bada, Udalak handitu ahal izango du horretarako onartutako partida, ezarritako jarraibideak betetzen dituen onuradun bakar bat bera ere ez dadin geratu laguntzarik gabe.