Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 2.000 euroko laguntza bat bideratu du Haitin lurrikarak eragin dituen ondorioak arintzen laguntzeko

2021/08/23

Laguntza —‘hondamendi naturaletarako dohaintzak’ partidan sartu dena— Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da; entitate hori laguntza eskaintzen hasi zaie kaltetutako biztanleei.

Eibarko Udalak erabaki du 2.000 euro ematea, larrialdiko laguntza gisa, joan zen abuztuaren 14an Haitin gertatutako lurrikararen ondorioak arintzeko asmoz. Laguntza hau Lankidetza eta Garapenerako laguntzak esparruan sartu da, 'Hondamendi naturaletarako dohaintzak' udal partidan, eta, horren bidez Eibartik, ahal den neurrian, sortutako oinarrizko beharrei erantzuten lagundu nahi dugu.

Gurutze Gorriak Alkatetza honetara bidalitako txosten batek dioenaren arabera, kalteen lehen ebaluazioek adierazten dute gutxienez 800.000 pertsona zuzenean egon daitezkeela kaltetuta: besteak beste, komunikaziorik eza, sartzeko zailtasunak, segurtasunik eza, bizi-baliabideen galera, azpiegiturari eta osasun-zerbitzuei eragindako kalteak sufritzen ari dira. Lurrikara hau 2010. urtean 220.000 pertsona baino gehiago hil zituena baino handiagoa izan zen.

Egoera horren aurrean, Haitiko Gurutze Gorriak, agintariekin koordinatuta, boluntarioak mobilizatu ditu hasiera-hasieratik, eta, besteak beste, lehen sorospenak, ebakuazio medikoa, bilaketa eta erreskatea eta kalteen ebaluazioa egiten ari da.

Hala, Udalak adostutako 2.000 euroko laguntza Gurutze Gorria Eibar-Ermuaren kontuan sartuko da eta entitate hori izango da diru-partida premian daudenei helarazteaz arduratuko dena.

2015.urteaz geroztik, Eibarko Udalak 45.000 euro inguru bideratu ditu Nepal, Indonesia, Peru, Guatemala, Sierra Leona, Filipinak, Ekuador, Haiti, Nikaragua, Honduras, Panama, edo El Salvadorrera besteak beste, hondamendi meteorologikoek eragindako ondorio larriak arintzeko xedez.