Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 164 eskabide jaso ditu, pandemiak eragindako enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako laguntza zuzenak jasotzeko

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2021/09/27

Dirulaguntza-lerro hau eskatzeko epea zabalik egongo da irailaren 30era arte. Kopuruak gutxienez 750 eurokoak izango dira, eta ostalaritzaren kasuan 3.700 euroraino irits daitezke. Jon Iraola alkateak animatu egin nahi ditu onuradun izan daitezkeenak eskabideak aurkeztera, "aukera ona" delako pandemiak haien negozioetan eragindako ondorio negatiboak konpentsatzeko.

Udalak autonomoei eta enpresei pandemiak eragindako galerak konpentsatzeko  abian jarritako azken laguntza-lerroak 164 eskaera jaso ditu orain arte. Laguntza hauek eskatzeko epea maiatzaren 11n zabaldu zen, eta zabalik jarraituko du irailaren 30era arte.

Behin epea amaituta, Eibarko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak ebatzi egingo ditu eskabideak eta oinarrietan jasotako baldintzak betetzen dituen eskabide bakoitzari kasuan kasuko diru-kopurua ordainduko dio.

Jon Iraola alkateak nabarmendu du autonomoentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat bideratutako 750 eurotik 3.700 eurora bitarteko laguntza hauek oso “aukera ona” direla, “pandemiak negozioetan eragin dituen ondorio negatiboak konpentsatzeko”, eta dei egin die dirulaguntzen onuradun izan daitezkeen guztiei eskaerak formalizatzeko, oraindik ostegunera arte irekita baitaude.

Dirulaguntza hauetarako, Udalak 1.000.000 euroko partida bat jarri zuen, pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko aurten onartutako Talka-Planaren barruan.  

Hala, dirulaguntzen-lerro ezohiko hau Eibarko autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta dago, eta baldintza da urteko negozio-zifraren zenbateko garbia 1.500.000 baino txikiagoa izatea, eta Covid-19ak kaltetuta egotea.

Laguntza honen onuradunak dira Eibarren lokal irekia duten pertsona fisiko edo juridikoak, sozietate zibilak eta ondasun-erkidegoak, Covid-19ari aurre egiteko hartutako neurrien erruz  kaltetuak izan badira. Laguntzen xedea da jarduerari eusteko likidezia ematea.

Dirulaguntzen Plan honetan bi lerro daude. Lehenengoa herriko establezimenduen titularrei aplikatuko zaie (ostalaritza-establezimenduak izan ezik), baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.500.000 eurotik beherakoa bada eta 2020ko azken hiruhilekoan fakturazioa gutxienez % 25 murriztu bazaie aurreko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta.

Dirulaguntza hau Eibarren irekita dauden eta 2021eko urtarrilaren 1ean (egun horretan EJZn alta emanda) martxan dauden lokalen titularrei aplikatuko zaie. Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da; horietatik 750 euro zenbateko finkoak izango dira, fakturazioa murrizteagatik, eta gainerako 250 euroak lokala errentan izanez gero.

Ostalarientzako laguntzak

Bigarren lerroa herriko ostalaritza-establezimenduen titularrei aplikatuko zaie, baldin eta negozio-zifraren zenbateko garbia 1.500.000 eurotik beherakoa bada eta 2020ko azken hiruhilekoan fakturazioa gutxienez % 25 murriztu bazaie aurreko urteko azken hiruhilekoarekin alderatuta. Eta, era berean, Eibarren irekita dauden eta 2021eko urtarrilaren 1ean martxan dauden lokalen titularrei aplikatuko zaie.

Gainera, adierazi behar da lerro honetan sartzen direla beste elikagai batzuen handizkako merkataritza, mota guztietako izozkiak, etab., jatetxeko zerbitzuak, kafetegietakoak, kafe eta tabernetako zerbitzuak (janariarekin edo janaririk gabe), jatetxeko zerbitzu bereziak, kafetegia eta kafe-antzokia, eta ostatu-zerbitzuak.

Bigarren lerro honetan eskariko emango den zenbateko finkoa 1.200 eurokoa izango da, betiere deialdiaren eskakizun guztiak betez gero. Gainera, deialdia argitaratzen den egunean terrazarik ez edukitzeagatik eta 2021. urte osoan ez jartzeko konpromisoarekin, beste 500 euro ordainduko dira. Eta lokala errentan edukiz gero, beste 500 euro emango dira.

Gainera, 2020ko martxoaren 14tik 2021eko ekainaren 30era bitartean beren ostalaritza-establezimenduetan Covid-19ari aurre egiteko ezarritako segurtasun- eta distantzia-neurrietara egokitzeko eta beren jarduerari eustea bermatzeko inbertsioak egin dituzten eskatzaileek, inbertsio horien kostuaren % 75eko dirulaguntza jasoko dute, eta gehieneko muga 1.500 eurokoa izango da, betiere baldintza batzuk betetzen badituzte.

Ostalaritzarako lerro honetako kontzeptu ezberdinengatik ematen diren laguntza guztiak batuta, gehienez ere 3.700 euro eman ahal izango dira establezimendu bakoitzeko.

Ekaerak elektronikoki egingo dira www.eibar.eus udal webgunearen bidez. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.) Gainera, eskabidearekin batera, deialdiko oinarrietan —udal webgunean kontsultatu ahalko dira— zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

Udal laguntzen lerro berri hau 2020an pandemiaren eta alarma-egoeraren ondoriozko murrizketek kaltetutako autonomoei, enpresa txikiei eta ostalariei emandako dirulaguntzei gehitu behar zaie. Zehazki, 2020ko ekainean 700.000 euroko zuzeneko laguntza-lerro bat esleitu zen, eta 500 autonomo eta enpresa txikik jaso zuten laguntzaren bat.