Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 1.000 euroko laguntza bat bideratu du 'Eta' zikloi tropikalak Erdialdeko Amerikan eragin dituen ondorioak arintzen laguntzeko

Erdialdeko Amerikako maparen irudia.

Erdialdeko Amerikako maparen irudia.

2020/11/11

Laguntza —‘hondamendi naturaletarako dohaintzak’ partidan sartu dena— Gurutze Gorriaren bidez bideratuko da; entitate hori laguntza eskaintzen hasi zaie kaltetutako hiru milioi lagun baino gehiagori.

Eibarko Udalak erabaki du 1.000 euro ematea, larrialdiko laguntza gisa, ‘Eta’ urakan tropikalak Erdialdeko Amerikan eragin duen egoera arintzen laguntzeko. Laguntza hau Lankidetza eta Garapenerako laguntzak esparruan sartu da, 'Hondamendi naturaletarako dohaintzak' udal partidan, eta, horren bidez Eibartik, ahal den neurrian, sortutako oinarrizko beharrei erantzuten lagundu nahi dugu.

Nikaragua, Honduras, Panama, El Salvador eta Guatemalako egoera kezkagarria da, izan ere, azaroaren 3an, ‘Eta’ zikloia  Karibe itsasotik sartu zen, 150 km/h-tik gorako eurite eta haizeteekin, lur-jausiak eta uholdeak eraginez.

Gurutze Gorriak Eibarko Alkatetzara igorritako txosten baten arabera, inpaktua kalkulatzeko lanean ari badira ere, hiru milioi pertsona baino gehiago kaltetuta egongo lirateke Erdialdeko Amerika osoan. Kaltetuak 100.000 lagun baino gehiago dira Guatemalan, milioi batetik gora Hondurasen eta 130.000 baino gehiago Nikaraguan. Ia denek etxea galdu dute osorik edo zati batean, arazoak dituzte ura eskuratzeko, beren saneamendu-hodiak kaltetuak izan dira eta arazoak dituzte elikadura-segurtasunari dagokionez.

Egoera horren aurrean, Nikaraguako, Honduraseko, Guatemalako eta Salvadorreko Gurutze Gorriak beren taldeak mobilizatu ditu, eta lanean ari dira, bakoitza bere ekintza-eremuan, pertsona horiei guztiei laguntza humanitarioa emateko, alegia, osasuna, higienea, babesa, elikadura, ostatua, logistika eta saneamendua bermatzeko.

Hala, Udalak adostutako 1.000 euroko laguntza Gurutze Gorria Eibar-Ermuaren kontuan sartuko da eta entitate hori izango da diru-partida premian daudenei helarazteaz arduratuko dena.

Joan den urrian, Udalak 2.000 euroko laguntza bat eman zuen Moriako errefuxiatuen kanpamenduko emergentziazko egoera arintzeko.

2015.urteaz geroztik, Eibarko Udalak 40.000 euro inguru bideratu ditu Nepal, Indonesia, Peru, Guatemala, Sierra Leona, Filipinak, Ekuador edo Haitira, besteak beste, hondamendi meteorologikoek eragindako ondorio larriak arintzeko xedez.