Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udala desinfekzio-lanak egiten ari da, aste honetatik aurrera, hiri-altzarietan

Bide publikoaren irudia.

Eibar.

2020/03/25

Udal Brigadako 7 langile, bakoitza Eibarko auzo batean, barandak, eskudelak, eskailerak, igogailuak eta edukiontziak garbitzen ari dira, kontaktu gehien duten objektu edo azpiegiturak dira-eta. Lanak Debabarreneko Mankomunitatearekin koordinatzen ari dira, zeina, bere aldetik, desinfekzio-lanak egiten ari den egunotan jende gehien ibiltzen den guneetan, hala nola osasun etxeetan eta supermerkatuetan.

Eibarko Udalak Brigadan lan egiten duten beharginen berrantolaketa bat egin du, COVID-19ak eragindako alarma-egoerak iraun bitartean, bide publikoaren desinfekzioa indartzeko lanak egin ditzaten.

Horren harira, aste honetatik aurrera, 7 pertsona, bakoitza Eibarko auzo batean, lainoztatze-lanak egiten ari dira sodio-hipokloritoarekin (tokiak desinfektatzeko eraginkortasun handiko konposatu kimikoa) kontaktu gehien duten udal objektu edo azpiegituretan, hala nola baranda, eskudel, igogailu, eskailera eta hondakinen edukiontzietan.

Behargin guztiek dute beharrezkoa den ekipamendua, lan horiek segurtasun osoz egin ahal izateko.

Eibarko Udala Debabarreneko Mankomunitatearekin koordinatzen ari da, desinfekzioa ahalik eta osoena eta exhaustiboena izan dadin.

Hala, Mankomunitatea, bere aldetik, egunotan jende gehien pilatzen ari den guneetan ari da lan horiek egiten, hala nola ospitale, supermerkatu eta espaloi inguruetan eta baita edukiontzietan ere.

Horrela, osasun-krisiak eragindako behar espezifiko eta premiazkoen aurrean, Udal Brigadak lanean jarraituko du hemen zehaztutako helburuekin, eta, eginkizun horietaz kanpo, larrialdiko kasuei baino ez die erantzungo.