Udala berrantolatze-lanak egiten ari da deseskalatze-fasean oinezkoen zirkulazioa errazteko
Eibarko Udaleko Trafiko batzordeak, joan den astean egindako bileran, hainbat neurri hartu zituen deseskalatze-fasean toki batzuk egokitzeko, oinezkoen joan-etorria erosoagoa eta seguruagoa izan dadin, eta ibiltzeko orduan pertsona batetik bestera tarte gehiago egon dadin.
Hala, Udaltzaingoa, Zerbitzuak sailarekin batera, hartutako neurriak gauzatzen ari da. Batetik, Julian Etxeberria kaleko 2, 4 eta 6 zenbakiak eta Zuloagatarren kalea peatonalizatu egingo dira, asteko egun guztietan, 15:00etatik 23:00etara.
Halaber, kendu egin da Otaola hiribidearen espaloi ondoko aparkaleku-lerroa eta oinezkoentzako egokitu, hala, espaloiari zabalera handiagoa emanez. Horrekin lotuta, Udaltzaingoa leku alternatiboak bilatzen ari da galdutako aparkatze-plazak konpentsatzeko.
Bestetik, oinezkoen zirkulazioa antolatu eta kontaktuak saihesteko helburuz, hainbat espaloitan gezi batzuk pintatuko dira adieraziz zer norabidetan komeni den ibiltzea; batzuk jaisteko eta beste batzuk igotzeko izango dira.
Neurri hauek indarrean dauden bitartean ibilgailuak aparkatzea errazte aldera, Eibarko Udalak gutun batzuk bidali dizkie parkinga duten herriko merkataritza-guneetako arduradunei, parkingak 24 orduz herritarrentzako zabalik egon daitezen eskatzeko.
Udalak, halaber, gutun bat idatzi dio Gipuzkoako Hezkuntza ordezkari andreari, herriko ikastetxe batzuetako patioak zabaltzeko baimena eman dezan, eta, hala, auzoetako bizilagunek aparkatzeko leku gehiago izan dezaten; eskabidearekin batera, ideia teknikoki nola gauzatu aztertzen ari da Udala.
Neurri hauez gain, Eibarko Udalak lanean jarraitzen du oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna hobetzeko beste neurri batzuk aztertu eta martxan jartzeko.