Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udala azken tramiteak egiten ari da Berdintasun Pasealekua Mekolarekin lotuko duen lehen igogailua lizitaziora ateratzeko

Berdintasun Pasealekua Mekolarekin lotuko duen lehen igogailuaren infografia.

Berdintasun Pasealekua Mekolarekin lotuko duen lehen igogailuaren infografia.

2022/05/25

Atzo goizean aurkeztu zen proiektua Obra Batzordean, obra lizitaziora atera aurreko izapidean. Mekola berrurbanizatzeko eta hango irisgarritasuna hobetzeko proiektua bigarren igogailu batekin eta inguru guztiaren eraberritzearekin osatuko da

Eibarko Udalak Obra Batzordean aurkeztu zuen atzo goizean Berdintasun pasealekua, udaletxe ostean, Mekola kalearekin lotuko duen igogailu publikoa egiteko proiektua. Izapide honekin obra laster aterako da lizitaziora eta aurrera egin ahalko da ingurua berrurbanizatzeko eta irisgarri egiteko udal asmoekin.

Igogailuari esker 11 metroko altuera bat gainditu ahalko da eta tarteko geldialdi bat egingo da Mekolako etxeei zerbitzua emateko.

Obra honen aurrekontu zenbatetsia, I-Ingeniería y Arquitectura enpresak egindako egitasmoaren arabera, 1,5 milioi euro ingurukoa da; nolanahi ere, obraren lizitazio-prozesuak eta geroagoko adjudikazioak erabakiko dute jardueraren azken kostua.

Aurreikusita dago, halaber, geroago bigarren igogailu bat eraikitzea, lehenengo igogailua Arratebiderekin lotzeko; Udala lanean dago jada asmo horretan.  

Egitasmo biak Mekola berrurbanizatzeko eta auzoaren irisgarritasuna hobetzeko planaren parte dira; izan ere, lehen igogailuarekin batera, Udalak parke bat sortuko du lorategi-espazio zabal batekin, lehenengo igogailuari sarbidea emateko balioko duena, eta San Juan kalearen atzean dagoen aisialdirako gunea berrurbanizatu eta eguneratuko du. Horrela, ingurune osoan multzo harmoniko eta atsegin bat sortuko da.  Egitasmoan Mekola eta Arratebide artean egiten ari den etxebizitzen sustapen pribatua ere sartzen da.

Jon Iraola alkatearen arabera, “Proiektuaren aurkezpena pauso garrantzitsu bat da inguru horretan bizi diren auzotarrek aspalditik espero duten igogailu hau gauzatzeko bidean.  Erdigunearen eta Mekola eta Arratebideren arteko irisgarritasuna goitik behera hobetuko da, eta uste dut oso kontuan hartu behar dela jardueraren ezaugarriak auzo horretako bizilagunekin adostu zirela.”

Beraz, aspalditik eskatzen zen proiektu bat da hau eta Obra Zerbitzuak irisgarritasun arloan landu duen estrategikoenetako bat, auzotarren bizi-kalitatea hobetzeaz gain, ingurunearen hobekuntza-nabarmena ekarriko baitu."

Proiektua auzotarren partaidetza-prozesu baten emaitza izan da

Mekolako irisgarritasuna igogailu publikoen bidez hobetzea auzoko jendearekin izandako partaidetza-prozesu baten fruitu izan da. Prozesu haren eta egin ziren bileren ondorioz, hainbat kokapen posible proposatu ziren, eta parte-hartzaileekin eztabaidatu ondoren azken aukera bat adostu zen, eta horixe izango da egitasmoa idazteko enpresa adjudikaziodunak kontuan hartu duena.

Parte-hartze prozesuan adostu zen, halaber, Mekola kalean hobekuntzak egitea, Ardantzako babes ofizialeko etxeen urbanizaziotik Arratebideraino; adostu zen, baita ere, gogoeta bat egitea auzoko trafikoaren inguruan, oso kale estua baita eta ez baitago espaloirik.

Auzokoen artean adostu eta orain proiektuaren idazketarekin paperera eraman den proposamenean Bildosolako txaleta zegoen partzela lautu eta Berdintasun pasealekuaren (Ardantzako tren-geltoki gaineko oinezkoen pasealekua) kota berera eramango da, hala, bi tokiak lotuz.