Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Abian da Udako Beherapenen Azokaren edizio berria

Abian da Udako Beherapenen Azokaren edizio berria

Aurtengo azokan parte hartuko duen dendetako bat.

2017/07/19

Guztira, sektore ezberdinetako 28 establezimenduk hartuko dute parte hamaikagarren edizioan. Helburua da herriko merkataritza sustatzea. Azoka uztailaren 19tik 21era bitartean egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, Toribio Etxebarria kalean.

Udako Merkealdien Azoka iritsi da gaur, uztailak 19, Eibarrera hamaikagarren urtez jarraian. Eibar Merkataritza Gune Irekiak bultzatuta, Eibarko Udalaren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Turismoaren, Merkataritzaren eta Kontsumo Sailaren diru-laguntzarekin antolatutako azoka da. Helburua da Eibarko merkatariek beren produktuak beherapenekin eta deskontu handiekin eskaini ahal izatea. Azoka erdiguneko Toribio Etxebarria kalean kokatuko da uztailaren 19an, 20an eta 21ean.

Guztira, 28 establezimenduk hartuko dute parte hamaikagarren edizioan, bakoitzak beren standarekin. Aurten, 16 karpa ipini dituzte. Azoka hiru egunez jarraian egongo da zabalik, etengabeko ordutegian, 10:00etatik 20:00etara. Jantziak, oinetakoak eta osagaiak, lentzeria, kirolak, dekorazioa, parafarmazia, optika, estetika edota makillajea aurki daitezke, besteak beste, azokan.

Parte hartuko duten dendak

Toribio Etxebarria kalean kokatuta dauden 23 komertzioak honako hauek dira: Askasibar, Beittu, Burbujas y Más, Cedry, Doroti, Farmalur, Gratzina, Guby Chicos, Guby Mujer, Ikusimakusi, Izane, Klaus, Khloe, Kopiña, Leder, Lide, Marsi, Neure, No Comment, Rosa Domínguez, Ttiki, Txukuna eta Xare. Halaber, Corral, Federópticos Igmar, Oskarki Oinetakoak, Tribeka eta Vieco dendek merkealdien azokan hartuko dute parte bere establezimendu propiotik.

Eibar Kirol Elkartearen denda ofiziala den Askasibar standaren alboan, bigarren standa ipini dute. Bertan, Eibar futbol taldearen ekipazioak erakutsi eta salgai ipiniko dituzte.

Euskararen aldeko jarduerak

Bestalde, …eta kitto! Euskara Elkarteak euskara sustatzeko ekintzak antolatu ditu, 'Euskeraz Primeran!' kanpainaren barruan. “Euskara Ahoan” idatzita duten ezpainetarako kakao-barrak oparituko dizkiete gerturatzen direnei eta, horrekin batera, nahi duenak euskararen aldeko esaldiak idazteko aukera izango du, horretarako prestatuko duten mural batean. Gainera, parte hartzen dutenen artean zozketa egingo dute, EMGI-koek emandako 100 euroko erosketa-txartela oparitzeko.