Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udako Merkealdien Azokaren edizio berria inauguratu da

Udako Merkealdien Azokaren edizio berria inauguratu da

Argazkian, udal ordezkariak eta EMGI (Eibar Merkataritza Gune Irekia) eta Eibarko Merkatarien Elkarteko kideak.

2016/07/20

Guztira, sektore ezberdinetako 25 establezimenduk hartuko dute parte hamargarren edizioan. Helburua herriko merkataritza sustatzea da. Azoka uztailaren 20tik 22ra bitartean egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, Toribio Etxebarria kalean.

Udako Merkealdien Azoka iritsi da gaur, uztailak 20, Eibarrera hamargarren urtez jarraian. Eibar Merkataritza Gune Irekiak bultzatuta, Eibarko Udalaren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren diru-laguntzarekin antolatutako azoka da. Helburua da Eibarko merkatariek beren produktuak beherapenekin eta deskontu handiekin eskaini ahal izatea. Azoka erdiguneko Toribio Etxebarria kalean kokatuko da uztailaren 20an, 21ean eta 22an.

Guztira, 25 establezimenduk hartuko dute parte hamargarren edizioan, bakoitzak beren standarekin. Aurten, 17 karpa ipini dituzte. Azoka hiru egunez jarraian egongo da zabalik, etengabeko ordutegian, 10:00etatik 20:00etara. Jantziak, oinetakoak, osagaiak, lentzeria, kirolak, dekorazioa, parafarmazia, estetika edota makillajea aurki daitezke, besteak beste, azokan.

Parte hartuko duten dendak

Parte hartzen duten 25 komertzioak honako hauek dira: Cedry, El Corte Inglés, Gratzina, Guby mutilak, Guby neskak, Lide, No comment, Nona, Vieco eta Xare arropa-dendak; Ikusimakusi, Kopiña eta Khloe Baby umeendako arropa-dendak; Bambi eta Trikeba oinetako dendak. Txukuna eta Ttiki dendak lentzerian eta mertzerian; osagaietan, Leder; estetika eta makillajean, Burbujas eta Más eta Kolorete; parafarmazian, Farmalur; kiroletan, Askasibar; dekorazio eta altzarietan, Casamanía eta Izane; Neure etxeko-arropa denda. Halaber, Óptica Igmar dendak merkealdien azokan hartuko du parte bere establezimendu propiotik.

Eibar Kirol Elkartearen denda ofiziala den Askasibar standaren alboan, bigarren standa ipini dute. Bertan, Eibar futbol taldearen ekipazio berria erakutsi eta salgai ipiniko dute datorren denboraldirako.

Euskararen aldeko jarduerak

Bestalde, …eta kitto! Euskara Elkarteak euskara sustatzeko ekintzak antolatu ditu, 'Euskeraz Primeran!' kanpainaren barruan. Horretarako, "fotocall" batez osatutako standa izango du eta, bertan, bisitari orok argazkiak atera ahal izango ditu, baita euskararen aldeko esaldiak idatzi ere. Gainera, txapak banatuko dira eta 100 euroko balioa duen erosketa-bonua zozketatuko da.