Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udako Beherapenen Azoka hartuko du Eibarrek hilaren 18tik 20ra

Udako Beherapenen Azoka hartuko du Eibarrek hilaren 18tik 20ra

Udal ordezkariak.

2018/07/18

Guztira, sektore ezberdinetako 32 establezimenduk hartuko dute parte hamaikagarren edizioan. Helburua da herriko merkataritza sustatzea. Azoka uztailaren 18tik 20ra bitartean egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, Toribio Etxebarria kalean.

Udako Merkealdien Azoka iritsi da gaur, uztailak 18, Eibarrera hamaikagarren urtez jarraian. Eibar Merkataritza Gune Irekiak bultzatuta, Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatu dute aurtengo azoka. Helburua da Eibarko merkatariek beren produktuak beherapenekin eta deskontu handiekin eskaini ahal izatea. Azoka erdiguneko Toribio Etxebarria kalean kokatuko da uztailaren 18an, 19an eta 20an.

Guztira, 32 establezimenduk hartuko dute parte hamaikagarren edizioan, horietako 26k beren standarekin Toribio Etxebarria kalean eta beste seik beren dendetan. Aurten, 19 karpa ipini dituzte. Azoka hiru egunez jarraian egongo da zabalik, etengabeko ordutegian, 10:00etatik 20:00etara. Jantziak, oinetakoak eta osagaiak, lentzeria, kirolak, dekorazioa, parafarmazia, optika, estetika edota makillajea aurki daitezke, besteak beste, azokan.

Parte hartuko duten dendak

Toribio Etxebarria kalean kokatuta dauden 26 komertzioak honako hauek dira: Askasibar, Atelier, Beittu Centro Óptico, Burbujas y Más, Calzados Bambi, Cedry, Doroti, Eskulan, Farmalur, Gratzina, Guby Chicos, Guby Mujer, Ikusimakusi, Izane, Khloe, Kopiña, Leder, Marsi, Neure, Nona, Rosa Domínguez, Ttiki, Txukuna, Valenciaga eta Xare (dos). Halaber, Federópticos Igmar, Los Chicos, No Comment, Tribeka, Urdanibia eta Vieco dendek merkealdien azokan hartuko dute parte beren establezimendu propioetatik.

Erosketak sustatu eta bezeroen fidelizazioa saritzeko asmoz, hiru egun hauetan zehar azokan erosketak egiten dituzten pertsonen artean 100 euroko balioa duten erosketa txekeak zozketatuko dituzte; uztailaren 20an izango da zozketa, 18:00etatik 18:15era. Sarituek egun horretan bertan jaso eta gastatu beharko dituzte txekeak azokan, 20:00ak baino lehen.

Euskararen aldeko jarduerak

Bestalde, …eta kitto! Euskara Elkarteak euskara sustatzeko ekintzak antolatu ditu, 'Euskeraz Primeran!' kanpainaren barruan. ...eta kitto!-k daukan postuan, nahi duenak euskararen aldeko esaldiak idazteko aukera izango du eta prest egongo den hautestontzian sartu. Gainera, parte hartzen dutenen artean zozketa egingo dute, EMGI-koek emandako 100 euroko erosketa-txartela oparitzeko. Postura bertaratzen diren guztiei iman eta blok bana oparituko diete. Eta Kittoren postua gaur eta bihar  zabalduko dute, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; ostiralean, berriz, goizez bakarrik, 13:00ak arte.