Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udako Beherapenen Azoka hartuko du Eibarrek hilaren 17tik 19ra, Toribio Etxebarria kalean

Udako Beherapenen Azoka hartuko du Eibarrek hilaren 17tik 19ra, Toribio Etxebarria kalean

Udal ordezkariak Udako Beherapenen Azokaren aurkezpen ekitaldian.

2019/07/17

Guztira, sektore ezberdinetako 31 establezimenduk hartuko dute parte hamabigarren edizioan. Helburua da herriko merkataritza sustatzea. Azoka uztailaren 17tik 19ra bitartean egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara.

Udako Merkealdien Azoka iritsi da gaur, uztailak 17, Eibarrera hamabigarren urtez jarraian. Eibar Merkataritza Gune Irekiak bultzatuta, Eibarko Udalaren laguntzarekin antolatu dute aurtengo azoka. Helburua da Eibarko merkatariek beren produktuak beherapenekin eta deskontu handiekin eskaini ahal izatea. Azoka erdiguneko Toribio Etxebarria kalean kokatuko da uztailaren 17an, 18an eta 19an.

Guztira, 31 establezimenduk hartuko dute parte hamabigarren edizioan, horietako 24k beren standarekin Toribio Etxebarria kalean eta beste zazpik beren dendetan. Aurten, 17 karpa ipini dituzte. Azoka hiru egunez jarraian egongo da zabalik, etengabeko ordutegian, 10:00etatik 20:00etara. Jantziak, oinetakoak eta osagaiak, lentzeria, kirolak, dekorazioa, parafarmazia, optika, estetika edota makillajea aurki daitezke, besteak beste, azokan.

Parte hartuko duten dendak

Toribio Etxebarria kalean kokatuta dauden 24 komertzioak honako hauek dira: Askasibar Intersport, Bambi, Burbujas y Más, Casamanía, Cedry, Centro Óptico Beittu, Designed by Nona, Doroti, Eskulan, Farmalur, Gratzina, Guby Chicos, Ikusimakusi, Izane Decoración, Khloe Baby Clothes, Kopiña, Leder, Neure, No Comment, Noma, Pissa, Ttiki, Twins eta Txukuna. Halaber, Federópticos Igmar, Los Chicos, Marsi, Oskarbi,  Tribeka, Vieco eta Zentral Óptica.dendek merkealdien azokan hartuko dute parte beren establezimendu propioetatik.

Bestalde, …eta kitto! Euskara Elkarteak euskara sustatzeko ekintzak antolatu ditu, aurreko urteetan bezala. Oraingo honetan, stand bat jarriko dute azokan, eta bertan, beirazko hiru ontzi jarriko dituzte urarekin. Bisitariek, eta beren eguneroko bizitzan hartzen duten euskararen erabileraren konpromisoarekin bat etorriz, tonalitate ezberdinetako koloratzaileak dituzten tantak utziko dituzte ontzietan. Horrela, uraren kolorea aldatzen joango da eta euskararekiko konpromisoa bistaratu ahal izango da.

Euskara sustatzeko jarduera honetan parte hartzen duten pertsona guztiak EMGIak dohaintzan emandako bonu baten zozketa batean sartuko dira, erosketak egiteko 100 euroko balioa duenak. Gainera, 'Euskaraz Primeran' kanpainaren leloarekin poltsa bat oparituko zaie standera bertaratzen direnei. Eta Kittoren postua gaur eta bihar  zabalduko dute, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; ostiralean, berriz, goizez bakarrik, 13:00ak arte. Une horretan 100 euroko bonua zozketatuko dute.