Txonta auzoa eta Galizia etorbidea elkartuko ditu igogailu publiko batek

Txonta auzoa eta Galizia etorbidea elkartuko ditu igogailu publiko batek

Txontako 42 eta 44 zenbakietako etxebizitza-blokeen tokia.

2019/05/02

Obra lizitaziora atera da 331.000 euroan (BEZa barne) eta 26 asteko epea dago egiteko. Auzoko iturriaren plaza ere berriztu egingo da. Igogailu berriak hobetu egingo du Txonta kaleko 44tik 52 zenbakira bitartean dauden etxebizitzen irisgarritasuna.

Igogailu publiko batek elkartuko ditu Txonta auzoaren goiko aldea eta Galizia etorbidea. Iturria dagoen plazan jarriko da, 42 eta 44 zenbakietako etxebizitza-blokeen tartean. Obra lizitaziora atera da orain dela gutxi 331.013,26 euroko aurrekontu batekin (BEZa barne) eta datorren maiatzaren 27an amaituko da eskaintzak aurkezteko epea. Hortik aurrera, adjudikazioa eskuratzen duen enpresak 26 aste izango ditu lanak egiteko.

Lan honi esker gauza bi lortuko dira: alde batetik, Txonta auzoko goi aldearen irisgarritasuna, Txonta kalea (42 eta 44 etxeen artean) Galizia etorbidearekin elkartuko duen igogailua jarrita; eta, bestetik, Txonta kaleko 44tik 52ra bitartean bizi diren auzokide guztientzako hobekuntza handiak beren etxebizitzetarako irisgarritasunean jabe-erkidego bakoitzak egingo dituen obrei esker.

Proiektu honekin goitik behera berriztuko da iturriaren plaza, zoladura hobetuko zaio eta hiri-altzariak jarriko dira; Corten altzairuz eta egurrez egindako eserleku handi bat ere izango du plaza eraberrituak. Iturri zaharra kendu eta leku hartarako propio pentsatutako eta diseinatutako iturri berri bat ipiniko da. 

Goiko aldean eraikiko den pasarelak zuzenean emango du Galizia etorbidera, eskailera bidez eta arrapala bidez; baita Txonta kaleko 44tik 52ra bitarteko zenbakien ostetik doan oinezkoen bidera ere. Hartara, pasarela horrek erraztu egingo ditu jabe-erkidego bakoitzak gerora erabaki ditzakeen irisgarritasun-konponbideak.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak hauxe adierazi du: “Igogailu-proiektu berri honek agerian uzten du gure herriko auzo honekiko gobernu-taldeak duen konpromisoa, bai jarduketa honekin, bai hango auzotarren bizi-kalitatea hobetzeko azken urte hauetan egiten ari diren beste hainbat jarduketekin ere."

Aldi berean, honako hau beste pauso bat gehiago da, Eibarko auzo guztietan herri-igogailuak nahiz eskailerak eta arrapala mekanikoak eraikita, irisgarritasuna hobetzeko eta gune libreak izateko Udala gauzatzen ari den anbizio handiko plangintza horretan.  

Azken urte hauetan, Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren eskutik, egitasmo handi bat jarri da martxan auzoa goitik behera eraberritzeko

Horren haritik esan behar da, irisgarritasuna hobetzeko eta auzoko 17 ataritako birgaikuntza-premiei erantzuteko —eraginkortasun energetikoaren irizpideak oinarritzat hartuta—, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 2,3 milioi euroko dirulaguntza bat eman zuela, Txonta Berritzen bulegoa kudeatzen ari dena. Bulego hori horretarako propio sortu zen eta Txontako 3. zenbakian aurkitzen da. Horri auzoan babestutako etxebizitzetan egingo den inbertsioa gehitu behar zaio, Eusko Jaurlaritza egitekotan dagoena.    

etiketak: igogailua, Txonta