Eibarko Udala
obrak

Txomoko parkea birmoldatzeko lanekin hasiko da udala abuztuan

2026/07/13
Txomoko parkea.

Jarduketa honekin, Jon Iraola Eibarko alkateak auzokideen eskariari erantzun dio, parkea birmoldatzeko eta hobetzeko eskatzen ari ziren-eta. Obraren aurrekontua, lizitazioan dagoena, 380.483,59 eurokoa da, eta obrak egiteko epea 20 astekoa izatea aurreikusi da.

Eibarko Udalak abuztuan ekingo die San Andres ikastetxearen ondoan dagoen Txomoko parkea birmoldatu eta hobetzeko lanei.

Hala, Jon Iraola Eibarko alkateak erantzun egingo dio Txomoko parkea birkonfiguratu eta hobetzeko beharra helarazi zioten auzokideen eskaerari. Obra honen helburuetako bat, besteak beste, parkeko erabiltzaileen eta inguruko bizilagunen arteko elkarbizitza baketsua bermatzea da. Horrela, udaleko Obra Sailak, auzokideekin batera, hainbat aukera aztertu ditu eta hasierako helburua ondoen betetzen duena adostu da.

Aurrekontua, lizitazio fasean dagoena, 380.483,59 eurokoa da, eta lanak egiteko epea 20 astekoa izango dela aurreikusi da; beraz, horren arabera, obra urte amaierarako amaituta egon beharko litzateke.

Parkeak jolaserako bi gune izaten jarraituko du -ikastetxearen ondokoa eta atzealdekoa—, eta bietan forma eta tamaina ezberdinetako jardinerak ipiniko dira, espazio berdeago eta antolamendu egokiago sortze aldera.

Alkateak eskertu egin du proiektua egiteko orduan auzokideek egindako lana eta erakutsitako dedikazioa.

Era berean, Iraolak azpimarratu nahi izan du Txomoko parkeko obra helburu handiago eta garrantzitsuago baten parte dela, gure udalerriko espazioak berritu eta hobetzearena, hain zuzen ere. Ildo horretan, Arragueta kalea eta San Juan kalearen atzealdea berriz urbanizatzeko obra balioetsi ditu alkateak. Bustinduitarren kalea berrurbanizatzeko lanak  ere duela hilabete batzuk amaitu ziren.

 “Pixkanaka, gure kaleak berritzen joatea nahi dut, eta gure parkeak eta aisialdirako guneak hobetzea. 2027an Julian Etxeberriaren eta orain zezen plazak hartzen duen lursailaren txanda izatea nahi dugu”.

Herriko parkeak eta aisialdirako guneak, lehentasunetako bat

Bestalde, Iraolak azpimarratu du bere lehentasunetako bat dela gaur egun dauden parkeak eta aisialdirako guneak hobetzea eta espazio berriak sortzea.

Urki Kurutzekua parkea estali ondoren, Txomoko proiektuari helduko zaio, bertako bizilagunek alkateari hala eskatuta. Gainera, txikientzako gune estaliak izatea herritarrek behin eta berriro egindako eskaera izan da, batez ere neguan. Gaur egun, eskaera horri erantzuten zaio, besteak beste, Txaltxazelaiko Epaitegiaren ondoko parkearekin edo Errebal Plazarekin, eta laster gehituko zaie Hijos de Gabilondoren plaza estalia.

Gainera, Udalak Torrekuako adinekoentzako zentro sozialaren ondoko “tuboaren parkea” deritzona hobetzeko lanei ekingo die. Ingurune hori oso preziatua da herritar askorentzat, ume zein nagusi, batez ere, gizarte-zentro hori ireki zenetik. Hori dela eta, umeentzako jolas-guneaz gain, udalak petanka-gune berri bat jarriko du, herritarren beste eskaera bati erantzuteko.

Aurten, eibartarren artean arrakasta handia izan duen Estaziño eta Azitain arteko trenbideen gaineko pasealekua ireki ondoren, udala azken urratsak ematen ari da  zezen-plazak egun betetzen duen eta hiriko erreferentziazko parke berria izan daitekeen gunerako ideia-lehiaketa bat martxan jartzeko.

 “Kalitateko espazioak nahi ditugu, herritarren egungo beharrei erantzungo dietenak, gure lehentasuna eibartarrak dira-eta. Hori dela eta, 2026an eta 2027an, lehendik duguna hobetzeko lan egingo dugu, baina baita aisialdirako gune berriak eta modernoak sortzeko ere. Gure herri-eredua da eta pixkanaka gauzatzen ari gara”, adierazi du amaitzeko alkateak.