Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Txikizioak zezen plazan egokitutako kirol esparruan: 2.000 euro gastatu behar izan ditu Udalak konponketetan

2017/02/10

Birritan apurtu dira komunak azken 6 hilabete hauetan. Herritarren poltsikoan eragin latza duten txikizio gehiago ez izateko, Udalak dei egiten die leku hartako erabiltzaile guztiei gizabidez joka dezaten.

Eibarko Udalak 2.000 euro baino zertxobait gehiago gastatu behar izan ditu zezen plazan egokitutako kirol esparruko komunak konpontzen. Orain dela hilabete bat, Udal arduradunek egiaztatu zuten kirol esparru hartako komunetako bi zeharo txikituta zeudela; sinistu ezinda eta zeharo harrituta geratu ziren han ikusitakoarekin. Komunak —zeramikazko komun zuri arruntak— erditik zatituta zeuden, apurtzeko, norbaitek mailukaren bat edo antzeko tramankuluren erabili izan balu bezala.

Udalak beste komun berri bi erosi behar izan ditu; oraingoan, altzairu herdoilgaitzezko komunak, egurrezko taparekin; azken aldi honetan, herriko taberna batzuetan jartzen ari diren bezalakoak, erresistentzia handikoak egin dakizkiekeen txikizioen aurrean. Udalari 1.695 euroko gastua ekarri dio komun berri bi horiek erosteak; beraz, zenbateko horri dagokion BEZa eta Lantaldeko iturginak sartu behar izan dituen orduak gehituta, 2.171 euro guztira. Diru hori eibartar guztien poltsikotik aterako da.

Gainera, oraingo gastu hau, orain dela sei bat hilabete inguru Udalak egin behar izan zuen beste gastu honi gehitu behar zaio: hango komunetako bat zeharo apurtuta agertu zenean egin behar izan zuen gastuari, alegia. Orduko hartan, horrelakorik berriro ez zela gertatuko pentsatuta, zeramikazko komuna jarri zen.

Gertakariok direla eta, herri-senaren, gizalegearen eta erantzunkidetasunaren izenean, Eibarko Udalak dei eta deidar egiten die herritar guztiei, eta, bereziki, zezen plazan egokitutako kirol esparruaren erabiltzaileei: horrelako basakeriarik ez dadila gerta inoiz ere.