Txandakako parking berri bat Aldatze kalean: 2 solairu eta 58 aparkaleku izango ditu
Aldatze kaleko 2 zenbakian kokatutako udal partzelan bi solairuko parkinga egingo da (beheko solairua eta lehenengoa), 58 aparkaleku berri izango dituena (haietako 21 estaliak); hala, xede horretarako erdigunerako espazio berri egongo da.
Etorkizuneko parking horren ezaugarriak txandakako beste aparkaleku batzuen antzekoak izango dira, esaterako, Toribio Etxeberria, San Juan eta Bidebarrieta kaleetakoak. Baldintza horietan, ibilgailuak gehienez ere 2 orduz aparkatu ahalko dira.
Herrian aparkaleku faltak sortutako arazoen jakitun, Udalak urteak daramatza soluzio bat topatu nahian herritarren beharrei ondoen egokituko dena, eta aukera emango duena erdigunean aparkaleku gehiago egiteko, betiere kontuan harturik hiri-espazioaren mugak eta ahalik eta kalte gutxien eraginez. Horregatik, plazak bertikalean sortzea aukeratu da, aparkatzeko bakarrik erabiliko den egitura bat sortuz.
Jon Iraola Hirigintza zinegotziak hauxe adierazi du: "Gobernu Taldearen lehentasunetako bat, udal Plan Estrategikoan jasotako erronketan jasotzen den legez, herriari eta erdiguneari bereziki aparkaleku gehiago ematea da, eta horren inguruan hilabeteak daramatzagu lanean, herritarren premiei ondoen erantzungo dien kokaleku egokia topatzen, hain zuzen”. Txandakako parking honekin gure asmoa da erdigunean dagoen aparkaleku falta arintzea, eta, era berean, ahal den neurrian, erdigunean dagoen merkataritza txikirako eta eskaintzen diren gainerako zerbitzuetarako sarbidea izatea.”
Asmo horrekin, datozen asteetan, behar diren izapideak egingo dira, lehenik, proiektua adjudikatzeko, eta, ondoren, obrak gauzatzeko; aurreikusten da obrak datorren urtean hasiko direla.