Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Txakurrentzako lehen parkea egin du Udalak Itzion

Txakurrentzako lehen parkearen irudia.

Txakurrentzako lehen parkearen irudia.

2023/10/11

Jon Iraola alkateak, maskoten aire libreko jarduera sustatzeko herritarrekin eta elkarte animalistekin hartutako konpromisoari erantzunez, ostiralean inauguratuko du instalazioa. Espazio publiko berriak 20.000 euro inguruko aurrekontua izan du; 1.800 metro kuadroko azalera du, eta maskotak jolasteko eta ariketak egiteko aparatuak.

Eibarren badugu dagoeneko txakurrentzako parke bat. Udalak maskotentzako instalazio bat egin du Itzioko parkean. Instalazio honek herritarrek eta animalien aldeko elkarte batzuek egindako eskaera bati erantzuten dio, eta aukera ematen du animalien bizi-kalitatea hobetzeko. 1.800 metro kuadrorekin, txakurrentzako parkea hainbat jolas-moduluz eta ariketa-aparatuz osatua dago, eta, gainera handik gertu iturri bat dago eta baita hiri-altzariak ere.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, instalazioak, 20.000 euroko kostua izan duena, “maskoten aire libreko jarduera sustatzeko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko  herritarrekin eta elkarte animalistekin hartutako konpromisoari erantzuten dio. Premia hori areagotzen joan da Eibarren erroldatutako maskoten erritmo berean, bereziki txakurrena".

Parkea kokatzeko aukeratutako lekua Itzion dago, non bazegoen lehendik ere gune txiki bat animaliak jolasean ibiltzeko. Orain, animaliek ariketa fisikoa egin dezaten sustatzeko, "agility" aparatuak jarri dira, hala nola jauzi-hesiak, kulunka, tunela edo arrapalak. Hori guztia hesiz inguratutako toki lau batean eta sarrerako ate batekin.

Parkeak eraberritzea

Bestalde, Udalak eraberritze-lanak egingo ditu Eibarko parke batzuetan.

Txaltxazelaiko parkean zorua eta haur-jolasen bagoneta bat aldatuko dira. Egigurentarren kaleko parkean, plataformak konponduko dira, eta Barakaldokoan, Tiburtzio Anituakoan eta Zuloagatarrenekoan kautxua aldatuko da. Ardantzako parkean kautxua eta haur-jolasak aldatuko dira.

Barrena kaleko 22. zenbakian haurrentzako bagonetaren jarlekuak eta kautxua konponduko dira, eta Barrena kaleko Dia supermerkatuaren ondoan dagoen parkean, berriz, segurtasun-zorua jarriko da. Lan horiek 32.000 euroko aurrekontua dute.

Eraberritze-lanak handiagoak izango dira Sostoa plazan 2. zenbakitik gertu dagoen parkean. Han parkea eta zorua erretiratu egingo dira jolas-elementu berriak jartzeko. Obraren aurrekontua 30.000 eurokoa da eta egikaritze-epea bost astekoa.

Jarduera hauek guztiak haurrentzako jolasgune eta aisialdi-toki berriak sortu eta daudenak eraberritzeko udal-planen barruan sartzen dira. Udalak azken lau urteetan hainbat tokitan egin ditu halako lanak, hala nola Txaltxazelain, Tiburtzio Anituan, Torrekuan, Egogainen, Urkizun, Legarren, Saratsuegin, Barrenan edo Amañako elizako plazatxoan.