Eibarko Udala
trafikoa

Trafiko-zirkulazioaren aldaketak Arraguetan, berrurbanizazio-obrak direla eta

2026/04/08
Bittor Sarasketa kalea.
Bittor Sarasketa kalea.

Apirilaren 13tik aurrera, 10:00etan.

Arragueta kalea berrurbanizatzeko obrak direla-eta, apirilaren 13tik aurrera (astelehena) trafiko-aldaketak egingo dira eragindako eremuan. Obrek 20 asteko iraupena izango dutela aurreikusten da.

Lanek Arragueta kalea ixtea ekarriko dute, eta, ondorioz, ibilgailuak Bittor Sarasketa eta Matxariatik desbideratu beharko dira. Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak jakinarazi duenez, "Hirugarren mailako ibilgailuak (trailerrak, autobusak eta 8 metro baino gehiagoko luzera duten ibilgailuak) ezin izango dira Bittor Sarasketatik sartu, eta Estaziñotik sartu beharko dute herrigunera. Bestalde, Arikitzaneko Zubian noranzkoa aldatuko da (orain arte, kale horrek Ibarkurutze eta Bidebarrieta lotzen zituen, jaitsieraren noranzkoan) eta, apirilaren 13tik aurrera, Bidebarrieta Ibarkurutzerekin lotuko du (igotzeko noranzkoan), eta ezingo dira 10 metro baino gehiagoko ibilgailuak sartu. Hori dela eta, Bilborako autobus geltokiek  aldaketak izango dituzte”. Gidariei eta oinezkoei kontu handiz ibiltzea, behin-behineko seinaleak errespetatzea eta, ahal den neurrian, ibilbide alternatiboak erabiltzea gomendatzen zaie, auto-ilarak saihesteko.

Bilborako noranzkoa duten autobus-geltokien berrantolaketari dagokionez, Barrenako geltokia Barrena 21era lekualdatuko da (DIA supermerkatuaren parean) eta Urkizuko autobus-geltokia Errebalera. Bi geltokietan, aldez aurretik, seinaleak eta abisuak egongo dira, erabiltzaileei behin-behineko aldaketen berri emateko. Barrena eta Urkizuko autobus geltokiek apirilaren 13an, 10:00etan, utziko diote martxan egoteari, eta behin-behineko geralekuetara pasako dira, lanek irauten duten bitartean. Udalbusak ez du aldaketarik izango.

Alberto de la Hoz Trafiko eta Mugikortasun zinegotziak nabarmendu duenez, "urte asko izan dira, baina, azkenean, Arragueta oinezkoentzako gune atsegina izango da, eta Urkizu eta Errebal arteko mugikortasunerako inbutua desagertuko da. Badakigu lanek eragozpenak sor diezazkieketela garraio publikoaren erabiltzaileei, baina beharrezko obrak dira hiri-ingurunearen segurtasuna eta kalitatea hobetzeko. Herritarrei pazientzia eskatzen diegu aste hauetan, azken emaitzak Eibarko ekialdea zentroarekin lotzen lagunduko duelako."

Irisgarritasuna, oinezkoen segurtasuna eta hiri-espazioaren kalitatea hobetzea helburu duten lanek mozketa partzialak eta seinaleztatutako desbideratzeak ekarriko dituzte kalearen hainbat zatitan. Obrak egin ahala, aldaketa horiek egokitzen joan, eta behar bezala jakinaraziko dira: desbideratzeak, aldaketa puntualak garajeetarako eta zamalanetarako eremuetan, eta baita aldaketa posibleak garraio publikoaren ibilbideetan ere.

Udalak bizilagunen eta erabiltzaileen ulermena eta lankidetza eskertzen ditu, eta gogorarazten du, behin amaitutakoan, jarduketa hauek hiri-ingurunea nabarmen hobetzeko aukera emango dutela.

Obren eguneratzeei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Udalaren webgunean kontsultatu ahal izango da.