Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Toribio Echevarria Sarien 29. edizioa egingo da aurten

Toribio Echevarria Sarien 29. edizioa egingo da aurten

Toribio Echevarria Sarien 29. edizioaren aurkezpena.

2019/05/09

Hautagaitzak ekainaren 11 baino lehen aurkeztu beharko dira. Irabazleek 10.500 euroko diru kopurua jasoko dute eta laguntza-programak, aholkularitza eta prestakuntza eskuratzeko aukera izango dute. Gainera, udalak 10.500 euroko aparteko saria emango dio edozein kategoriatan irabazle edo finalista suertatzen den proiektuetako bati.

Toribio Echevarria Sariak 29. ediziora iristen dira aurten, eta Euskadiko ideia eta proiektu ekintzaileen lehiaketarik nabarmenena da gaur egun. Sari hauek, Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatuak, Euskadin ekimen ekintzaileak aitortzeko eta haien sustatzaileei jardueraren hasieran laguntzeko sortu ziren.

Toribio Echevarria Sariak bi kategoriatan deitzen dira: “Enpresa asmoak” eta “Enpresa Berria”. Bakoitzak 10.500 euroko diru kopurua ematen du eta laguntza-programak, prestakuntza eta aholkularitza eskuratzeko aukera eskaintzen du. Halaber, beste sari batzuk ere badaude, garapen teknologikoan edo nazioartekotze-prozesuan laguntza behar duten ekimenei zuzenduak.

Edizio honetan, gainera, Eibarko Udala aparteko saria emango zaio, 10.500 eurokoa, edozein kategoriatan irabazle edo finalista suertatzen den proiektuetako bati, baldin eta jatorria edo kokapena Eibarren izateko eskakizuna betetzen badu edo herri horretan gutxienez 2 urtez kokatzeko konpromisoa hartzen badu. Laguntza ekonomikoaz gain, BIC Gipuzkoak zuzentzen duen PADEM (Ekintzaileentzako eta Start-upentzako Zuzendaritza Programa Aurreratua) prestakuntza-programan parte hartzeko aukera eskaintzen du sari horrek. Udalerrian enplegua eta jarduera berritzailea sortzen duten enpresa-proiektuen garapena bultzatzea eta aitortzea da sari berezi horren asmoa.

Eibarko alkate Miguel de losToyosek eta BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzaile Marisa Arriolak gaur goizean aurkeztu dute Eibarko udaletxean deialdi berri hau. Berrikuntza teknologikoa bereziki nabarmentzen duten proiektu ekintzaileen ahalmen ekintzailea, ekimena, berrikuntza, sormena eta enpresa-garapena sustatzea eta aitortzea da Toribio Echevarria Sarien xede nagusia.

Miguel de los Toyos Alkateak hauxe adierazi du: "sari hauek erakusten dute herriak apustu irmoa egiten duela —dibertsifikazio eta indarberritze-estrategien barruan— ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoaren alde, industriaren hobekuntzan aurrera egiteko, enplegua sortzeko, eta, beraz, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko” . Marisa Arriolak, bestalde, nabarmendu du “sari hauek zein garrantzizkoak diren gure enpresa-etorkizunerako arlo estrategikoetan jarduera berritzaileak abian jartzen ari diren eta, gainera, goi-mailako kualifikazioko enpleguak sortzen ari diren proiektuei laguntzeko eta ikusgaitasuna emateko”.

Deialdi berri honen aurkezpenean izan da Nerea Subirán, iaz “Enpresa asmoak” kategorian saria irabazi zuen  Mepro-ko arduraduna, iaz "Enpresa asmoak” kategorian irabazi zuen saria SpermSelect ekimenarekin. Bere esperientzian oinarrituta, sari horrek bere proiektuari eman dion bultzada nabarmendu du, “alderdi ekonomikoan eta proiekzioan ez ezik, prestakuntza- eta aholkularitza-prozesuetan izandako laguntzaren balioagatik ere”.

Lehiaketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuek 38 milioi euro inguru inbertitu dute, eta 800 bat lanpostu sortu,  horietako % 80 baino gehiagok goi-mailako kualifikaziokoa dute.

Aurtengo sari-banaketa uztailean egingo da Tekniker fundazioaren eraikinean. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen duten ekimen honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak. Laguntzaile dira, halaber, Gipuzkoako Bazkundea, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen elkarteak.