Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Surphase eta Ekolber, Toribio Echevarria sarien 29. edizioko irabazleak

Surphase eta Ekolber, Toribio Echevarria sarien 29. edizioko irabazleak

Argazkia: IK4-Tekniker.

2019/07/23

Surphase, ‘Enpresa/Ideia proiektuak’ kategorian, eta Ekolber, ‘Enpresa Berria’ kategorian, izan dira ekimen irabazleak. Bi proiektuak izan dira, ingurumen-jasangarritasunerantz bideratuak biak ere, sariak banatzeko aurtengo ekitaldiaren protagonistak. Ekitaldian bertan, gainera, Naru Intelligence enpresari eman diote ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria eta BOJ eta Alimek enpresei ‘Iñaki Goenaga’ aitorpena.

Ingurumen jasangarritasunerako bi proiektu izan dira Toribio Echevarria Sarien 29. edizioko irabazleak: Surphase, "Enpresa/Ideia proiektuak" kategorian, eta Ekolber, "Enpresa berria" kategorian. Azken horrek ere, ‘Eibarko Udalaren sari berezia’ eskuratu du. Atzo astelehena, uztailak 22, Eibarko Tekniker Fundazioaren eraikinean egindako ekitaldian banatu zituzten sariak. Bertan izan ziren, besteak beste, Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos, Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Imanol Lasa, eta Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria, Aitor Urzelai.

Ekitaldian bertan, Naru Intelligence enpresak ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria jaso zuen. Gainera, ‘Iñaki Goenaga’ aitorpenak eman zizkieten BOJ enpresa eibartarrari eta Alimek enpresari.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen dituzte eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekimen sortzaileak aintzatesteko eta haien sustatzaileei beren jardueraren hasieran laguntzeko sortu ziren. Gainera, ideia eta proiektu ekintzaileen EAEko lehiaketa nabarmena bilakatu da. Sarien edizio honek 37 enpresa-ekimen jaso ditu bio/osasunaren, industriaren/jasangarritasunaren, fabrikazio aurreratuaren eta IKTen sektoreetatik.

‘Enpresa Asmoak’ eta ‘Enpresa Berria’ kategorietako sariek 10.500 euroko diru kopurua ematen dute eta laguntza-programak, prestakuntza eta aholkularitza eskuratzeko aukera eskaintzen dute. ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria lortzen duen enpresak laguntza ekonomikoak eta aholkularitza izaten ditu, beste herrialde batzuetan garatzeko prozesuari aurre egiteko.

Toribio Echevarria Sarien 29. edizioko enpresa irabazleak

Jarraian, banan bana aipatzen dira aurtengo enpresa irabazleak eta horien ezaugarri nagusiak: 

‘Enpresa Asmoak’ kategoria

  • ‘Enpresa Asmoak’ saria

Surphase: ur-arazketako mintzen fouling-aren aurretiazko detekzio-sistema, gaur egun erabiltzen diren teknologien sentikortasuna hiru magnitude-ordenatan gainditzen duena.

‘Enpresa Berria’ kategoria

  • ‘Enpresa Berria’ saria

Ekolber: kautxu termoplastiko berri baten fabrikazioa, kolageno ugariko abeltzaintzako hondakinetatik lortua, teknologia jabedun patentatu baten bidez. Plastikoak eta kautxuak transformatzeko teknika konbentzionalekin prozesatzen da: injekzioa, estrusioa, konpresioa eta termokonformazioa. Produktu jasangarria da eta ia ez du karbono-aztarnarik.

  • ‘Nazioartekotzeko Babesa’ saria

Naru Intelligence: adimen artifizialeko sistemak aplikatzea onkologian eta beste gaixotasun kroniko batzuetan emaitzak hobetzeko.

‘EIBARKO UDALAREN SARI BEREZIA’

Ekolber

Sari hori, 10.500 eurokoa, edozein kategoriatan irabazle edo finalista suertatzen den proiektuetako bati ematen zaio, baldin eta jatorria edo kokapena Eibarren izateko eskakizuna betetzen badu edo herri horretan gutxienez 2 urtez kokatzeko konpromisoa hartzen badu. Laguntza ekonomikoaz gain, BIC Gipuzkoak zuzentzen duen PADEM (Ekintzaileentzako eta Start-upentzako Zuzendaritza Programa Aurreratua) prestakuntza-programan parte hartzeko aukera eskaintzen du sari horrek. Udalerrian enplegua eta jarduera berritzailea sortzen duten enpresa-proiektuen garapena bultzatzea eta aitortzea da sari berezi horren asmoa.

 2019ko ‘Iñaki Goenaga’ Aintzatespena Eibarko enpresari

BOJ

BOJ bodegako produktuak, etxeko gauzak, etxetresna elektrikoak eta etxetresna elektriko txikiak mundu osoan merkaturatzen dituen Eibarko enpresa bat da. BOJ enpresa, 1905. urtean Gipuzkoan sortua, metalezko piezen fabrikazioan aritzen da, eta Eibarko industriak berrasmatzeko izan duen gaitasunaren adibide adierazgarrienetako bat da. Bere jardueraren bilakaerari jarraikiz, hainbat produktu-lerro garatu ditu sukaldearen esparruko premia guztiei erantzuteko. Bere merkataritza-eremuak hainbat merkatu hartzen ditu: Txina, Ekialde Ertaina, Egipto, AEB, Magreb, Asiako hego-ekialdea, Korea, Vietnam eta Europar Batasuneko herrialde guztiak.

2019ko ‘Iñaki Goenaga’ Aintzatespena

Alimek

Alimek duela 25 urte BIC Gipuzkoaren ingurunean sortutako enpresa da. Aholkularitza integraleko zerbitzuak eskaintzen ditu elikagaien kalitatearen eta segurtasunaren arloan. Nekazaritzako elikagaien industriaren kate osora zuzentzen du jarduera, hasi produkzio primarioan eta azken kontsumitzailearengana iritsi arte, eta ontzi-, enbalaje- edo garraio-enpresak bezalako sektore osagarriak ere hartzen ditu barnean.

600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira 

Lehiaketa hau sortu zenetik, 600 enpresa-ideia eta -proiektu baino gehiago aztertu dira. Aurreko edizioetan saritutako proiektuek 38 milioi euro inguru inbertitu dute, eta 800 bat lanpostu sortu dute, goi-mailako kualifikaziokoak gehienak.

Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen duten ekimena dira eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak. Laguntzaile dira, halaber, Gipuzkoako Bazkundea, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI, eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen elkarteak.

29. Toribio Echevarria Sarien banaketa ekitaldia osorik ikusteko SAKATU HEMEN.