Eibarko Udala
Sportek Hub

Sportek Hub ekimenak 2025eko aurrekontua onartu du, eta emakumezkoen Sports Techen aldeko apustua indartu

2025/06/19
Logotipoa.

Eibarko Udalak gobernantza-eredu parte-hartzailea bultzatzen du, sektoreko enpresa, startup eta erakundeekin batera.

Eibarko Udalak iragarri du SPORTEK HUB ekimenaren 2025eko ekitaldiko aurrekontua eta kudeaketa-plana onartu dituela; horrek indartu egiten du kirol-arloko berrikuntza teknologikoarekiko konpromisoa, bereziki, emakumeen kirolean oinarritutakoan. Erabakia ekainaren 9an hartu zen, eta mugarria izan zen herriaren eta eskualdearen proiektu estrategiko honentzat.

Sportek Hub ekimen bateratu bat da, zeinean aktiboki parte hartzen duten Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak, BIC Gipuzkoak, Eibarko Udalak eta Real Sociedad Fundazioak, bai eta kirol-, teknologia- eta enpresa-ekosistemako funtsezko beste eragile batzuek ere.  Erakundeen arteko lankidetza horrek indartu egiten du HUBaren izaera estrategikoa eta haren eragina eskualde mailan.

Aurten, Sportek Hubek mugarri garrantzitsuak burutu ditu. Martxoan, balio-proposamenari buruzko gogoeta-prozesua amaitu zen, eta gobernantza-eredu berri bat definitu zen, bazkide sustatzaile guztiek adostua. Ondorioz, SPORTEK HUB izango da emakumeen SportsTecha ardatz duen lehen kirol-berrikuntzako zentroa.

Jon Iraola Eibarko alkateak erabaki honen garrantzia azpimarratu du: "Aukera historikoa dugu Eibar nazioarteko erreferente bihurtzeko genero-ikuspegiko kirol-berrikuntzan. SPORTEK HUBek, teknologia bultzatzeaz gain, lidergo inklusiboaren alde egin, eta emakumea kirol-garapenaren erdigunean jartzen du.

Ildo beretik, Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Berrikuntza eta Enplegu Saileko zinegotziak hauxe adierazi du: “Plan hau funtsezko tresna da kirol-berrikuntzako ekosistema zabaltzeko, eta enpresen, startupen, zentro teknologikoen eta kirol-erakundeen arteko lankidetza sustatzeko. Gainera, berretsi egiten du gure konpromisoa kalitatezko enplegua sortzearekin eta nazioarteko bokazioa duen herriko talentua bultzatzearekin".

Hauxek dira 2025erako lerro estrategiko nagusiak: sports-tech arloko startupentzat finantza-laguntzako eta mentoretzako deialdi eta programa berriak bultzatzea; emakumeentzako irtenbide teknologiko espezifikoak sustatzea, kirolarien premia zehatzei erantzunez; HUBaren hedapen geografikoa zabaltzea, eskualde osoko kirol-sektoreko eragile berriak erakarriz; eta berrikuntza irekia eta ezagutzaren transferentzia sustatzea, enpresen eta eragile teknologikoen artean baterako garapen-aukerak sortuz.

Gobernantza-eredua ere birdefinitu egin da, hainbat figura sartzeko, hala nola bazkide bultzatzaileak, babesleak eta laguntzaileak, eta, horrela, egitura dinamikoagoa eta parte-hartzaileagoa bermatzeko. Bazkide babesleek funtzio estrategikoak berganatuko dituzte, eta, hala, erabaki giltzarriak hartu eta bitartekoak ziurtatu egingo dituzte.

Aldi berean, 2025erako komunikazio- eta branding-plan berri bat egiten ari dira, HUBaren nortasuna sendotzeko eta haren eragina estatuan eta nazioartean proiektatzeko.