Eibarko Udala

Sáenz de Viteri mediku eibartarren familiari buruzko liburu bat argitaratzeko proposamena onartu du Ego Ibarra Batzordeak

2021/01/26
Javier Sáenz de Viteri medikua, lagunez inguratuta. Argazkia: Eibar aldizkaria.
Alberto Sáenz de Viteri familiako gazteenaren jubilazioarekin batera, gobernu taldeak proposatu du liburu bat argitaratzea familia horren 3 belaunaldiren ibilbidea laburtuz.

Eibarko Udaleko Ego Ibarra Batzordeak, urtarrilaren 20an egin zen bilkuran, aho batez onartu zuen Idoia Sarasqueta batzordeburuak egindako proposamena, alegia, liburu bat argitaratzea Sáenz de Viteri familiaren hiru mediku-belaunaldien (alegia, Isaac, Javier eta Alberto) ibilbidea laburtuko duena.

Eibarko medikuen familia honek urteetan jardun du Eibarren lanean eta eibartarrek estimu handia diete. Abenduaren 31n, Albertok, sagako gazteenak —Javierren seme eta Isaacen iloba—, itxi egin zuen urteetan Toribio Etxebarria kalean Bibi Gimeno emaztearekin batera izan duen kontsulta. Bi hilabete lehenago, enpresa-mediku bezala ere jubilazioa hartu zuen Danobaten. ALFA enpresako mediku ere izan zen urte luzez.

Hala, erretiroa hartu duela baliatuz, ekimen honekin omenaldi bat egin nahi zaio haren familiari. Liburuak Antxon Narbaiza filologo eibartarrak hasitako lana izango du oinarri; izan ere, urteak daramatza mediku hauen datu biografikoak jasotzen. Hauxe da Narbaizak aztertzen duen hirugarren mediku-familia (aurretik Aguirretarrak eta Muguruzatarrak jorratu zituen).

Helburua da liburua prest egotea 2022. urtean argitaratzeko.

Idoia Sarasqueta Ego Ibarra batzordeburuaren esanetan, “Uste dut liburu hau  estimu eta aitorpen keinu txiki bat izan daitekeela Eibarko herriak beren lana umiltasunez, duintasunez eta eskuzabaltasunez egin duten profesionalei zor dieguna. Gainera, Antxon Narbaizak Eibarren azken bi mendeetan izan diren mediku-leinuen gainean hasitako lana burutzeko aukera ematen du".

Albertoren erretiroaren ondoren, gobernu-taldeak mediku-familia horri omenaldia egitea buruan zuenean, ugariak izan dira sare sozialetan edo tokiko prentsan estimu edo oroitzapen detaile bat eskatu dutenak.