Eibarko Udala

Podemos / Ahal Dugu-IU-EQUO izan da garaile Eibarren 2016ko hauteskunde orokorretan

2016/06/27
Alderdi berriak 3.950 boto (% 28,42) lortu ditu Diputatuen Kongresurako. Senaturako, berriz, EAJ-PNVko bi kide eta Podemos-Ahal Dugu taldeko beste bi aukeratu dituzte eibartarrek. Parte hartzea % 65,15ekoa izan da, 2015eko % 70,38aren aurrean.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako ordezkari politikoak hautatu dituzte eibartarrek. Hala, Eibarren Podemos / Ahal Dugu-IU-EQUO nagusitu da 2016ko hauteskunde orokorretan. Alderdi berriak, guztira, 3.950 boto jaso ditu, hautestontzietara joan diren eibartar guztien artean, % 28,42.

Bigarren indar politikoa EAJ-PNV izan da 3.053 botorekin, % 21,97. 2015. urteko datuekin alderatuta, jeltzaleek behera egin dute Eibarren, orduan 3.327 boto lortu baitzituzten, hau da, % 22,10 babesa jaso zuten.

Hirugarren alderdi bozkatuena PSE-EE izan da 3.000 botorekin, hau da, % 21,59a. 2015eko abenduan sozialistek 3.138 boto lortu zituzten, hots, % 20,85a.

Laugarren indar politikoa Eibarren EH-Bildu izan da 1.913 botorekin, alegia, % 13,76. Talde abertzaleak behera egin du 2015. urtearekin alderatura; izan ere, aurreko urtean 2.376 boto lortu zituen (% 15,79). Bostgarren postuan PP alderdiak jaso ditu boto gehien,1.363 botorekin ( % 9,81).

Gainontzeko alderdiei dagokienez, C’s-ek 339 boto jaso ditu (% 2,44), PACMAk 100 (% 0,72), RECORTES CERO-GRUPO VERDE taldeak 44 (% 0,32), PCPEk 16 (% 0,12), UPyDk 11 (% 0,08) eta P-LIB taldeak 8 (% 0,06).

Gipuzkoa mailan, berriz, Podemos / Ahal Dugu-IU-EQUO taldeak 2 diputatu lortu ditu Kongresurako, EAJ-PNVk beste bi eta EH-Bilduk eta PSE-EEk diputatu bana lortu dute.

Senatuan

Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, eibartarrek Podemos / Ahal Dugu-IU-EQUO taldeko bi senatari eta EAJ-PNV alderdiko beste bi aukeratu dituzte.

Eibarren, Senaturako hautagaien artean, lehenengo postuan 3.273 botorekin (% 24,22) José Ramón (Josetxo) Arrieta Arrieta (Podemos / Ahal Dugu) aukeratu dute herritarrek. Jarraian, María Eugenia Iparragirre Bemposta (EAJ-PNV) 3.204 botorekin (% 23,71). Hirugarren postuan, Pilar Garrido Gutierrezek (Podemos / Ahal Dugu) 3.151 boto (% 23,32) lortu ditu. Azkenik, Victoriano Gallastegui Altube (EAJ-PNV) 3.074 botorekin (22,75 %).

Gipuzkoa mailan, egoera berdina bizi izan da: 2 senatari lortu ditu EAJ-PNVk (María Eugenia Iparraguirre Bemposta eta Victoriano Gallastegui Altube) eta beste bi Podemos-Ahal Duguk (José Ramón Arrieta Arrieta eta Pilar Garrido Gutiérrez). 

Parte-hartzeak behera egin du

2016ko hauteskunde orokorretan parte-hartzeak behera egin du Eibarren, oraingoan hautestontzietara joateko deituta zeuden eibartarren % 65,15ak botoa eman baitu (13.960 pertsona); pasa den urtean, berriz, % 70,38ak bozkatu zuen (15.142 gizon eta emakume). Guztira, 21.423 eibartarrek parte har zezaketen hauteskunde orokorretan.

Horrenbestez, abstentzioa % 34,85ekoa (7.468) izan da, 2015ean baino handiagoa, orduan eibartarren % 29,62a ez baitzen joan hautestontzietara.