Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Pertsona nagusientzako udalekuak izango dira aurten lehen aldiz

Pertsona nagusientzako udalekuak izango dira aurten lehen aldiz

Pertsona nagusientzako koloniak aurkezteko egindako prentsaurrekoaren irudia.

2018/06/07

Ekainaren 27tik 30era izango dira La Sallek San Asension (Errioxa) duen egoitzan. Izena emateko epea ekainaren 25era arte dago zabalik Untzagako jubilatu etxean. Interesatuek 140 euro ordaindu beharko dituzte.

La Sallek San Asension (Errioxa) duen egoitzan pertsona nagusientzako udalekuak egingo dituzte estreineko aldiz, ekainaren 27tik 30era bitartean. Dagoeneko 10 lagunek eman dute izena, baina ekainaren 25era arte egongo da denbora izena emateko Untzagako jubilatu etxean. Baldintza bakarra da Eibarko edozein jubilatu etxetan izena emanda egotea. Aurreikuspenen arabera, 30-35 lagunentzako tokia egongo da, printzipioz, eta 140 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak.

Ekimena prentsaurrekoan aurkeztu dute Miguel de los Toyos alkateak, Idoya Sarasqueta Gizartekintzako zinegotziak, Felix Elkoroiribe Biztu elkartearen presidenteak eta Joseba Garcia, La Salleko udalekuen arduradunak.

Egitasmo berritzaile horrek honako bost helburu nagusi hauek dauzka: batetik, pertsona nagusien kolektiboari eskaintza berria aurkeztea, ohiko eskaintzatik urrun dagoen zerbait; bigarrenik, taldearen balioak, gizarteratzea, adiskidetasuna, solidaritatea… lantzea; hirugarrenik, ezagutza kognitiboa lantzeko aisialdi aukeretan sakontzea; laugarrenik, jasangarritasuna eta Agenda 21 egitasmoa pertsona nagusien kolektiboan hedatzea; eta azkenik, eskaintza barneratzailea ematea, pertsona ahulenak kontuan hartuz.

Antolatzaileek adierazi dutenez, bakarrik geratu den jendearengana iritsi nahi dute. Umeen udalekuek duten dinamika jarraituko dute, baina pertsona nagusien adinari egokitutako ekintzekin. Horrez gain, Eva Perez de Albéniz psikologoaren laguntza izango dute antolatzaileek eta arlo psikologikoa lantzeko tailerrak egingo dituzte.