Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Pentsiodunen plataformek modu onean baloratu dute Bozeramaileen Batzordeak onartutako mozioa, mobilizazio eta pentsio duinen aldarrikapena babesteko

Pentsiodunen plataformek modu onean baloratu dute Bozeramaileen Batzordeak onartutako mozioa, mobilizazio eta pentsio duinen aldarrikapena babesteko

Eibarko pentsiodunen plataformetako kideak eta udal ordezkariak.

2018/06/11

Bertako plataformetako ordezkariek adierazi dutenez, mobilizazioak ekainean eta uztailean zehar ere egingo dituzte, eta, uda ondoren, irailean ekingo diete berriz ere.

Gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan, Eibarko pentsiodunen plataformek modu onean baloratu dute Udaleko Bozeramaileen Batzordeak maiatzean onartu zuen mozioa, mobilizazio eta pentsio duinen aldarrikapena babestearen ingurukoa. Bertako pentsiodunen plataformen mozio-proposamenak PSE-EE (10), Eibarko EH-Bildu (5) eta Irabazi (1) Udal Taldeen aldeko botoak izan zituen; Eibarko EAJ-PNV taldeak kontrako botoa eman zuen, mozioa bera puntuz puntu bozkatzearen aldekoa baitzen eta ez blokean, azkenik erabaki zen moduan.

Testuinguru horretan, "Biztu" Jubilatuen Egoitzeko Elkarteak, Eibarko Pentsionista Plataformak eta Duintasuna Elkarteak eskatu dute, besteak beste, "indargabetu daitezela egungo egoerara eraman gaituzten legeak eta, jakina, behar adina neurriak har daitezela pentsio duinak bermatzeko, 1.080 euroko gutxieneko pentsio bat ezarriz, pobreziaren mugatik irteteko, Europako Gutun Sozialak ezartzen duen legez". Gaineratu dute, "Eusko Jaurlaritza izan dadila ezarriko duena behar den osagarria Euskadiko pentsiodun guztiak hilero kopuru horretara iristeko". Halaber, pentsio duinak bermatzeko, KPI (Kontsumo Prezioen Indizea) errealarekiko lotura ezartzea eskatu dute, etorkizunean pentsioak eguneratzeko formula gisa. Pentsiodunen plataformetako kideek azpimarratu dutenez, "Gizarte Segurantzaren sistema bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea ezinbestekoa da, pentsio publikoak eta pertsona nagusiek behar duten arreta bermatuko dituena".

Aipamen berezia egin nahi izan diete bazterkeria soziala jasan edota pobrezia egoeran dauden pertsonei, "alargunen egoera larriagoa dela gogoratuz". 

Bestalde, nabarmendu dute pentsio duinak lortzeko nahitaezkoa dela gizartea mobilizatzea eta elkarretaratzeak ekainean eta uztailean zehar ere egingo dituztela aurreratu dute; uda ostean, irailean ekingo diete, berriz ere, mobilizazioei.