Partaidetza-mahai berriaren bidez, Eibarrek ahotsa emango die herriko adinekoei
Eztabaidatzeko eta nagusiei bideratutako gizarte-politikak eraikitzeko espazio bat. Herriak indartu egingo ditu senior biztanleriari egokitutako gizarte-politikak.
Abenduaren 12an eratu zen ofizialki Eibarko Adinekoen Partaidetza Mahaia. Kolektibo horri zuzenean eragiten dioten gaiak gerturatu eta horiei buruz eztabaidatzeko ekimena da, haien beharretara egokitutako estrategiak eta gizarte-politikak diseinatze aldera.
Inaugurazio-saioan Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia izan zen buru, eta udalerriko adinekoekin lan egiten duten hainbat erakundek parte hartu zuten, hala nola Altzoa, Pagatza, ENE, Ikasten, Unzaga Adinekoen Zentroa, Afagi, Gurutze Gorria eta Deparkel. "Herritar guztiei parte hartzeko espazioak emateak gizarteko pertsona guztiak kontuan hartzen direla bermatzen digu. Horrela, beren bilakaeraren protagonista bihurtzen dira, baita zuzenean eragiten dieten gizarte-politiken plangintzaren eta proiekzioaren elementu emergente ere", adierazi zuen Archelik topaketan.
Bileran zehar, mahaiaren barne-araudia aurkeztu zen, helburuak, funtzioak eta bilerak egiteko maiztasuna zehazteko. Bilerak hiru hilez behin egingo dira, nahiz eta ezohiko deialdiak egin ahal izango diren, egoerak hala eskatuta. Bestalde, Udalak “Eibar Lagunkoia” proiektuari berriz ekiteko duen asmoa nabarmendu zen. OMEk bultzatutako proiektua da, eta Udalak 2015ean egin zuen bat harekin. Diagnostikoa eta planak egin ondoren, orain azterlan berria proiektatuko da, egungo zahartzeari eta Eibarko nagusien beharrei egokitua
“Badakigu lan koordinatua, lankidetza eta parte-hartzea funtsezkoak direla eibartar guztiak kontuan hartuko dituzten gizarte-politikak sortzeko, haien bizi-kalitatea hobetze aldera”, adierazi zuen Jon Iraola Eibarko alkateak, eta, era berean, horrelako mahaiek duten garrantzia azpimarratu zuen, udal-erabakiak hartzean ahots guztiak aintzat hartuko direla bermatzen baita.
Lehen urratsa talde eragile bat osatzea izan zen, udal-ordezkariekin batera lanean arituko dena, komunitatearen beharrak antzeman eta haiei erantzuteko ekimenak proposatzea helburu. Horrelako ekimen bidez, Eibarrek udalerri inklusiboago baterantz aurrera egiteko duen konpromisoa indartzen du, biztanleria-zahartzearen erronkei arreta jarriz.