Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ostiral honetan adinekoen zentro sozialei buruzko hausnarketa-jardunaldi bat egingo da Eibarren

Untzagako jubilatuen-etxeko irudia.

Untzagako jubilatuen-etxeko irudia.

2022/12/01

‘World Café’ izeneko ekitaldia Jaurlaritzak eta Euskofederpenek antolatu dute eta Portalean egingo da goizeko 10:00etatik 13:30era. Eibar da, Erandiorekin batera, jardunaldi honetako programa pilotua garatzen ari den udalerri bakarra.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskofederpenek Adinekoen Zentro Sozialei buruzko hausnarketa-jardunaldiko ‘World Café’ izeneko saioa antolatu dute Portaleko kultur etxean, ostiral honetan, abenduak 2, 10:00etatik 13:30era.

‘World Café’ elkarrizketa-gune bat da, adinekoen etxeek dituzten erronkak partekatzeko eta komunitatetik, modu sortzailean, ideiak eta ekintza-proposamenak pentsatzeko, zentro horiek gure gizartean duten zeregina gaurko eta biharko adinekoen beharretara egokitzeko xedez.

Elkarrizketarako gune honek aukera emango die bertaratutakoei giro goxo eta atseginean kafe baten bueltan biltzeko, eta talde txikitan elkarrizketak izateko, eta, hala, komunitatean dauden askotariko ahotsak entzun ahal izateko.

Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman behar dute izena, info@helduakzabaltzen.eus helbidera mezu elektroniko bat bidaliz edo 943224643 telefonora deituz, adieraziz interesduna zer erakundetakoa, Adinekoen Gizarte Zentrotakoa, elkartetakoa eta/edo herritakoa den.

Jarduera Helduak Zabaltzen-ek antolatu du, Eusko Jaurlaritzak eta Euskofederpen-ek (Euskadiko Adinekoen Elkarteen Federazioa) bultzatuta, eta Alda2U aholkularitza-agentziaren eta Matia Fundazioaren laguntza ere jaso du. Ekimenaren helburua da Adinekoen Zentro Sozialen eredua egungo eta etorkizuneko adinekoen beharretara eraldatzea eta egokitzea.

Jardunaldi hau egiteko Eibar aukeratu izanaren arrazoia zera da: herrian talde sustatzaile bat dagoela aspalditik, —zentro sozial horietako ordezkariek eta udal-langileek osatua—, gai horri buruz hausnartzen eta aldaketa esanguratsuak ekar ditzaketen erronkak eta galderak identifikatzen ari dena. Eibar eta Erandio dira aukeratutako proiektu pilotuak, eta hortik abiatuta esperientzia Euskadiko gainerako udalerrietara zabalduko dute.

Jon Iraola alkatearen hitzetan: “Jardunaldi hau Eibarren egiteak garrantzi berezia du, izan ere, herrian biztanleriaren % 25ek 65 urte baino gehiago ditu eta, ondorioz, erronka sozioekonomiko askori erantzun behar zaie gizartean presentzia handia duen biztanleria-talde honetan”.