Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ostegunean jarriko da martxan San Juan kalearen eta Jardiñeta auzoaren arteko igogailua

Ostegunean jarriko da martxan San Juan kalearen eta Jardiñeta auzoaren arteko igogailua

San Juan kalearen eta Jardiñeta auzoaren arteko igogailu berria.

2019/04/03

Azpiegitura berriak hobetu egingo du auzo horretako bizilagunen eta ikastetxeetako ikasleen irisgarritasuna.

Ostegun honetan, apirilak 4, jarriko da martxan San Juan kalea Aldatzerekin eta Jardiñetarekin lotzen duen igogailu publikoa, amaiera emanez Eibarko erdigunearen eta Jardiñetaren arteko irisgarritasuna hobetuko duen egitasmoari; igogailuak, gainera, Aldatze eta Jardiñeta inguruan dauden ikastetxeetako ikasleei ere zerbitzua emango die. Igogailu honen eraikuntza-lanak joan den urtearen erdialdean hasi eta martxoan amaitu dira, obra-zuzendaritzak iragarri duenez. Konplexutasun handiko proiektua izan da; izan ere, sarbide berria sortzeaz gain, berrurbanizatu egin da igogailutik hasi eta Itziorainoko gune guztia.

Halaber, igogailuaren erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko asmoz, sareta plastifikatu bat jarri da pasarelaren barandan, eta datozen asteotan panel batzuk jarriko dira egitura apaintzeko eta segurtasun handiagoa emateko.

Lanak egin dituen enpresa Obras Especiales Edificación e Infraestructuras izan da, eta kostua 849.092,89 eurokoa (BEZa barne). Igogailua Julian Etxeberriako 1. (Telefonikako eraikina) eta 3 zenbakien artean dago eta 26 metro baino gehiagoko altuera hartzen du Aldatzeraino. Igogailuaren eta Aldatzeren artean dagoen trenbidearen gaineko espazioan pasabide metaliko bat jarri da 11,50 metrokoa. Igogailuak hamahiru lagunentzako edukiera du (1.000 kilo).  

Miguel de los Toyos alkate jaunak adierazi duenez, proiektu honekin, Eibarko Udalak erantzun bat ematen die Jardiñeta auzoko bizilagunei, “eta aldi berean ahalbidetu egiten du herritarrekin hartutako konpromisoa betetzea eta baita aurrera jarraitzea Udalak herriko auzoen irisgarritasuna hobetzeko planean, bai eskailerak eta arrapala mekanikoekin, bai igogailu publikoekin. “Hobetze-plan horretan —gehitu du De los Toyosek— Eibarrek segitzen du aitzindari izaten”.

Izan ere, eta Jardiñeta auzoan bertan, Injelan enpresa amaitzen ari da bi igogailu berri eraikitzeko egitasmoaren idazketa. Igogailu horiek hobetu egingo dute inguru horren irisgarritasuna eta kale horretako 29, 31, 33 eta 35. zenbakietan kokatuko dira, auzoaren goi alden.