Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'On Ekin' enpresa arloko ideia eta proiektuen lehiaketaren VI. edizioa aurkeztu dute

'On Ekin' enpresa arloko ideia eta proiektuen lehiaketaren VI. edizioa aurkeztu dute

'On Ekin' enpresa arloko ideia eta proiektuen lehiaketaren 6. edizioaren aurkezpena.

2018/07/05

Helburua nagusia da enpresen eta ekintzaileen ideia berriak eta ekimenak bultzatzea eta enplegu berria sortzea eskualdean. Proiektuak aurkezteko epea uztailaren 6an bukatuko da.

'On Ekin' enpresa arloko ideia eta proiektuen lehiaketaren 6. edizioa aurkeztu dute gaur goizean, uztailak 5, prentsaurrekoan, Eibarko Udaletxean. Bertan izan dira Miguel de los Toyos alkatea, Gaizka Martin eta Vanesa Hortas Ekingune elkartearen ordezkariak eta Josu Alkain eta Mariella Saitz lehiaketaren patrozinatzaileak. Helburua da sormena edo kreatibitatea piztea eta ekintzaileen eta enpresen ekimenak babestea, proiektu edo ideia berriak garatuta eta merkatuan arrakasta izateko aukera dutenak.

Ekingune elkartetik antolatu duten lehiaketak bi fase edo zati izango ditu. Lehen fasean, gizarte eta ekonomia arloko eragileez osaturiko epaimahai batek aurtengo edizioan aurkeztu diren proiektu edo ideia bakoitzaren balorazioa egingo du. Proiektuak aurkezteko azken eguna bihar ostirala, uztailak 6, izango da. 

Bigarren zatian, 'On Ekin' afaria egingo dute uztailaren 12an eta proiektu irabazlea aukeratuko dute modu demokratikoan, afarira bertaratzen diren pertsona guztien artean egingo duten bozketa baten bitartez. Aurretik, epaimahaiak aukeratutako 6 parte-hartzailek bost minutuko denbora izango dute beren proiektuak aurkezteko.

Afariaren ostean, bozketa egingo dute bertaratuen artean sei finalisten artean onena edo gustukoena aukeratzeko. Boto gehien lortzen dituen proiektua izendatuko dute irabazle. Lehen saria 2000 eurokoa izango da; bigarrena, 1000 eurokoa, eta hirugarrena, 300 eurokoa eta beste 200 eurokoa Ekinguneko kideek eskainitako zerbitzuetan.

Afarian edozein pertsonak har dezake parte, aurkeztutako proiektuekin lotura edo harremana izan ala ez. Interesatuek mezu bat bidali beharko dute ekingune@ekingune.com posta elektronikora edota 943 507 863 / 688 734 292 telefono zenbakietara deitu eta 35 euro sartu ES94 2100 1883 9502 0021 0124 kontu korrontean, uztailaren 10a baino lehen; 15 euro sarietarako bideratuko dira.

Vanesa Hortas, Ekingune elkarteko ordezkariak azaldu duenez, "lehiaketa abian ipini genuela sei urte igaro dira, eta, oro har, 35 proiektu aurkeztu dituzte, 6 urtean, gutxi gorabehera. Horietako gehienak, gainera, errealitate bihurtu dira; Eibar Rooms daukagu adibide gisa".

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, berriz, "On Ekin ekimenaren helburu nagusia da enplegua sortzea, baita aberastasuna lortzea ere, eta, orokorrean, gure hiria eta eskualdea hobetzea".