Obra berriak eta hobekuntza urbanoak Eibarko auzoak eraldatzeko
Estaziño eta Azitain arteko pasealeku berria, 70 aparkaleku-plaza eta eraikin enblematikoen birgaitzea izango dira udalaren bide-orria. Parkeak eta espazio publikoetan egingo diren berritze-lanek indartu egiten dute hiri erosoago, irisgarriago eta etorkizunerako prestatuago baten aldeko apustua.
Eibarrek urrats sendoak ematen jarraitzen du hiria eraldatzeko prozesuan, martxan dauden edo datozen hilabeteetan hasiko diren hainbat jarduketaren bidez, hiria erosoagoa, zainduagoa eta egunerokotasunerako erabilgarriagoa izan dadin. Udalak hainbat lan egiten dihardu auzoetan, mugikortasuneko hobekuntzak, berroneratzeak eta berrizte-lanak konbinatuz, guztiak ere ikuspegi argi batekin: premia zehatzei erantzutea etorkizunari ere erreparatuz.
Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu du aspalditik ari direla lan horretan: “Eibarren, jarraitzen dugu pausoak ematen hiria hobetzeko, erosoagoa, zainduagoa eta erabilgarriagoa izan dadin. Ez gara iragarpen handiez ari, baizik eta jarduketa zehatzez, bizilagunek helarazten dizkiguten gaiei erantzuten dietenak”, adierazi du. Alberto de la Hozen hitzetan, “bakoitzak bere erantzukizuna du Udal Gobernuan, eta bi taldeok lanean jarraitzen dugu, nork bere eremuan, Eibar eta bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko”.
Era berean, alkateak jakinarazi du laster emango dituztela xehetasun gehiago pasealekua berdatzeko lanen inguruan.
Lanetako bat Estaziño eta Azitain lotuko dituen pasealeku berria da. Obra estrategiko bat da, nabarmen hobetuko duena bi gune horien arteko oinezkoen konexioa. Jarduketa honek erraztu egingo ditu eguneroko joan-etorriak, kohesio urbanoa indartuko du, eta oinez ibiltzeko hiri irisgarriago eta atseginagoa eraikitzen lagunduko du. “Pasealeku berri hau aurrerapen garrantzitsua da Eibarren mugikortasuna ulertzeko dugun moduan. Oinez ibiltzeko eta hobeto konektatutako hiri baten alde egiten dugu”, esan du Iraolak.
Horrekin batera, Udalak aurrera jarraitzen du Hijos de Gabilondo eraikinaren birgaitze-lanetan. Obra horrek aukera emango du hiriarentzat esanguratsua den eraikin bat balioan jartzeko. Gainera, Larrañaga y Elorza eraikina botako da, eta, horri esker, 70 aparkaleku- plaza berri egingo dira. Neurri horrekin irtenbidea eman nahi zaio aparkatzeko arazoari, eta auzoko bizilagunen eskaera bati erantzun. “Badakigu aparkatzea kezka handia dela Eibarko hainbat lekutan. Egokitzapen horrekin pauso bat ematen dugu auzoko bizi-kalitatea hobetzeko”, azaldu du alkateak.
Ekimenen artean, nabarmentzekoa da El Corte Ingleseko terraza berriz ere irekiko dela, herritarrak elkartzeko eta gozatzeko gunea eskaintze aldera. Gainera, Udalak ideia-lehiaketa bat jarriko du martxan zezen-plazaren birdiseinurako, leku hori birpentsatu eta gaur egungo premietara egokitzeko helburuz, nortasuna, funtzionaltasuna eta erabilera berriak uztartuz.
Auzoetan ere hainbat obra egingo dira, hala nola Arragueta kaleko berrurbanizazioa, eta Mekolako eta Eibarko Txikito kaleetako lanak: zoladurak, azpiegiturak eta irudi urbanoa berriztuko dira, eta ingurune atseginagoak eta seguruagoak sortuko dira. Horrez gain, Urki Kurutzekua parkea estaliko da eta Polonia Etxeberria eta Txomo parkeak berriztuko dira, urte osoan eta baldintza hobeetan gozatu ahal izateko.
Alkateak azpimarratu du lan guztiak estrategia koherente eta planifikatu baten barruan sartzen direla. Hobekuntza zehatzak dira, auzoetan egingo direnak, eta orainari eta etorkizunari begiratzen diotenak. Kontua ez da obrak egitea soilik. Gure hiria zaindu nahi dugu, eta hura hobetzen jarraitu urratsez urrats”. Proiektu hauekin, udalak berretsi egiten du bere konpromisoa, Eibar modernoago, funtzionalago eta prestatutagoa izan dadin, hurrengo urteetako erronkei heltzeko, eta, aldi berean, betidanik definitu duten izaera eta nortasuna izaten jarrai dezan.