Eibarko Udala

Nazioarte mailako eskubaloi partidua hartuko du Ipuruako kiroldegiak

2017/07/05
Partidua hilaren 7an jokatuko da, 18:30ean, eta sarrera doakoa izango da. Borja Rodriguez kazetari eibartarrak egingo ditu esatari lanak partidua girotzeko.

Ipuruako kiroldegiak Espainia eta Tunisiako eskubaloi junior taldeen arteko partidua jasoko du ostiral honetan, uztailak 7, 18:30ean. Hala aurreratu dute gaur, uztailak 5, prentsaurrekoan Miguel de los Toyos alkateak, Goizane Álvarez Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kiroletako Zuzendariak, José Manuel Ruiz de Cenzano Euskal Eskubaloi Federazioaren Presidenteak eta Felipe Zamacola Eibarko Kirol Patronatuaren Zuzendariak, besteak beste.

Estatuko selekzioa astelehenetik dago bilduta Eibarko Hezkuntza Esparruan hilaren 18an Argelian hasiko den Munduko Txapelketa prestatzen. Sarrera doakoa izango da eta Borja Rodriguez kazetaria arituko da esatari lanetan. Egun bat beranduago, uztailaren 8an, beste partidu bat jokatuko da Zumaiako Lubaki kiroldegian, 18:30ean. Kasu honetan, sarrerak 5 eurotan salduko dira, lekua mugatua izango baita.

Kauldi Odriozola eta Asier Nieto euskaldunek jokatzen dute junior taldean, eta Eibarrera goi-mailako eskubaloia ekartzearen garrantzia azpimarratu dute Euskadiko eta Gipuzkoako eskubaloi federazioetako arduradunek.

Prentsaurrekoan adierazi dutenez, "partidu honek bultzada handia emango dio herriko eskubaloiari eta bizikidetzari ekarpen handia egingo dio". Halaber, “Eibar eskubaloi hiria da eta Arrateren desagerpenaren ondoren Eibar Eskubaloia gauzak ondo egiten ari da", gaineratu dute.