Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimenduta, gaurtik aurrera

Kirola aire zabalean.

Kirola aire zabalean.

2021/02/15

Eibar eta Ermuaren artean, adibidez, pertsonen zirkulazio askea posible da jarduera sozio-ekonomiko eta kirolekoak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko, otsailaren 12ko 7/2021 Dekretuak jasotzen duen bezala.

Gaurtik, otsailak 15, aurrera, posible da mugakide den udalerri batera joatea jarduera sozioekonomikoak edo kirol-jarduerak aire zabalean egiteko, Eusko Jaurlaritzak joan den ostiralean, otsailak 12, onartutako azken dekretuan ezartzen den bezala. Dekretu hori egun bat geroago argitaratu zen, larunbatean, EHAAn (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria).

Era berean, bizilekuaz bestelako Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batera mugitzea baimenduta dago, baita mugakideak ez direnetara ere, "lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean ari diren taldeen entrenamenduetarako eta kirol-lehiaketetarako, azken 14 egunetako COVID-19 kasuen intzidentzia-tasa metatua edozein dela ere".

Halaber, "bizilekua dagoen udalerria ez den beste udalerri batera mugitu ahal izango da, mugakidea ez bada ere, kirol federatuko lehiaketetarako eta entrenamenduetarako, eskola-kiroleko entrenamenduetarako, bai eta gimnasioetan, kirol-elkarteetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroetarako edo jardueretarako ere". Betiere, kasu horietan guztietan, jatorrizko udalerrian zein helmugako udalerrian COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino txikiagoa izan beharko du.

Bestalde, joan den ostiraleko LABIren Batzorde Teknikoak Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden gainerako neurri murriztaileak beste 15 egunez mantentzea erabaki zuen, baita ostalaritzari dagokionez murrizketa gehiago ez ezartzea ere.

15 egunen buruan, LABIk pandemiaren bilakaerari eta neurrien eraginkortasunari buruzko datuak aztertuko ditu berriro, eta egoera berrira egokituko ditu.

Erlazionatutako elementua:

>>> 7/2021 DEKRETUA, otsailaren 12koa, lehendakariarena, zeinaren bidez laugarren aldiz aldatzen baita honako dekretu hau: 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.