Mirafloresen ondoan parke naturala eta baso-lorategia sortzeko eta egokitzeko lanak 226.757 eurotan adjudikatu dira

Lanak adjudikatu ondoren, egokitze-obrak laster hasiko dira eta egikaritze-epea 11 astekoa izango da. Arrateko errepide ondoan dagoen parkean jolaserako, aisialdirako eta atsedenerako toki bat eraikiko da eta mendi-magalean baso-bideak eta aisialdiko guneak egingo dira.
Miraflores inguruko baso-lorategi bat sortzeko eta egokitzeko lanak laster hasiko dira, Udalak egitasmo honen egikaritzea 226.757 eurotan adjudikatu eta gero (BEZa barne); obrak egiteko epea 11 astekoa izango da. Lizitaziora aurkeztutako proposamenak aztertu ondoren, kontratazio-mahaiak erabaki du lanak Urre SA enpresari esleitzea.
Baso-lorategia egingo den partzelak 16.000 metro kuadrotik gora ditu eta bi gunetan banatuta dago Arrateko errepidearen ondoan dagoen parkearen —Mirafloreserako sarbidetik gertu— eta mendi-magalaren artean.
Egitasmo honetan hainbat diseinu definitu eta baloratu dira ingurune sozial bat sortzeko, lekuaren ingurumen-baldintzak mantenduz; helburua da asialdirako eta atsedenerako toki bat sortzea, non, ingurumen-ezagutzak eskuratzeko aukera egongo den. Hala, planteatzen dena da sortzen diren guneak era askotariko erabiltzaileei egokitzea; aurreikusten da baso-lorategiak eta aisialdiko tokiak egotea eta aukera ematea pasiatzeko, korrika egiteko, jolasteko edo landa-inguruneaz ikasteko.
Horrela, lehengo parkean, azalera horizontal batean, umeentzako jolas ez-konbentzionalen toki bat egingo da naturarekin lotutako jolas-elementuekin; espazio guztiak ikasgela irekiaren tipologia izango du. Honako elementuak egongo dira bertan: egurrezko hesiak, asfaltozko muinoak, mikado-jolasa eta enborren tipia, pneumatikoen jardinerak, arkatz formako enborren eserlekuak, informazio-panelak, rokodromoak, kareharrizko arrokak edo enbor bertikaleko eskailerak.
Aldameneko mendi-magalean, lanak egingo dira handik igaro ahal izateko; bi ibilbide sortuko dira, bata, laburragoa, parketik goraino zuzenean igotzeko, eta, bestea, sigi-sagatsua, eremu guztietatik igaroko dena.
Proiektua amaitzeko, jarduketa bat egingo da GI-3950 errepidean (Arrateko errepidea): oinezkoentzako plataforma bat egingo da euste-hormaren ondoan, oinezkoek baso-lorategira iristeko sarbide seguru bat izan dezaten.
Eibarko Udala aspalditik zebilen lanean egitasmo honetan eta orain, obrak adjudikatuta, nabarmen egingo du aurrera. Gainera, azpimarratu behar da jarduera oinarrituta dagoela bere garaian Udalak, Lur Paisajistak taldearen aholkularitzarekin, Girder Ingenieros taldeari enkargatutako proiektu batean.
Hala adierazi du Jon Iraola alkateak: “Egingo dugun espazio berriak aukera emango dio herriari berdegune handi bat edukitzeko, eta, horrela, herritarrek behin eta berriz adierazi diguten eskaerari erantzuteko”.
Eta zera gaineratu du: “erronka garrantzitsua da Eibarren berdeguneak egokitzea, herriaren ezaugarriak eta ingurunearen orografia kontuan hartuta; hala ere, Udalak garatzen dituen politiketan eta ekimenetan ingurumen-kontzientzia gero eta handiagoa da, eta horrek ahalbidetzen du berdegune gehiago sartzea gauzatzen ditugun hirigintza-proiektu berrietan.”