Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Miguel de los Toyos alkateak karguari uko egingo dio, 13 urteren ostean

Miguel de los Toyos alkatea eta Jon Iraola Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzia.

Miguel de los Toyos alkatea eta Jon Iraola Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzia.

2021/02/24

Gaur, otsailak 24, uko egin badio ere, datorren ostegunera arte, martxoaren 4ra arte, egongo da alkate gisa. Egun horretan, Alberto Albistegui zinegotziak ordezkatuko du jarduneko alkate gisa. Egun batzuk geroago, Jon Iraola Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzia izendatuko dute Eibarko alkate. Hemendik aurrera, De los Toyos Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea izango da.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak gaur goizean aurreratu du, Udalbatza Aretoan egindako prentsaurrekoan, bere karguari utziko diola, ia hamahiru urteren ostean – zehazki, 2008ko maiatzaren 30az geroztik –, eta garai hartan Iñaki Arriola alkate ohi eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu izandakoaren lekukoa hartu ondoren.

Eibarko alkateak herriko agintari izaten jarraituko du datorren ostegunera arte, martxoaren 4ra arte. Ondoren, eta martxoaren erdialdera arte, Jon Iraola Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzia alkate izendatu arte, Alberto Albistegui zinegotzia izango da jarduneko alkate.

Miguel de los Toyos alkateak berak esandakoaren arabera, karguari uko egitea "hausnartutako eta adostutako erabakia da, bizitzako zikloen eta zirkunstantzien ondorioz". Aurrerantzean, Eibarko alkatea Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea izango da.

Gaur goizeko agerraldian, De los Toyosek esan du, bere aita zenaren omenez, PSE-EEren zerrendetan sartu zela, eta hortik Eibarko Udaleko zinegotzia 1995ean. "Hamahiru urtez zinegotzi izan ondoren, 2008an, Iñaki Arriola berretsi nuen karguan, eta 2011, 2015 eta 2019ko udal hauteskundeetan nire hautagaitza aurkeztu nuen, Eibarko herritarren babesa lortuz eta nire seme-alabek bizi nahi duten hiri bat eraikitzen saiatuz".

Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie, bereziki, bere familiari, Eibarko gizarteari, bere alderdiari, bere zinegotzi-taldeari eta, jakina, udaleko langileei, "Urte hauetan guztietan hiri hobea eraikitzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko egindako lanagatik". Era berean, oposizioko gainerako alderdi politikoentzat ere esker oneko keinua izan du beraien lana eskertuz.

Alkate berria martxoaren lehen hamabostaldian aldarrikatzea aurreikusten da. Eta, horretarako, ezohiko osoko bilkura deituko dute, eta, bertan, udal buru berriak behar besteko babesa izan beharko du hiriko lehen erregidore izateko.

Bestalde, alkate izango den Jon Iraolak, Miguel de los Toyos ordezkatuko duenak Udal Gobernua zuzentzeko eta Eibar hiria ordezkatzeko, erronka berriari "bere ibilbide profesionaleko garrantzitsuenetako bat bezala" ekingo dio, eta "gogoz eta erantzukizunez" hartuko du bere gain, "Eibar hobea eraikitzeko eta herritarrei inolako iruzurrik ez egiteko".

Iraola alkate izendatu ondoren, Ander Curiel eibartar gaztea izango da Eibarko Udaleko zinegotzi berria, PSE-EE alderdi politikoaren aldetik.

Ibilbide luzea

Miguel de los Toyos, 52 urteko eibartarra eta abokatua lanbidez, 1995ean sartu zen Udalbatzako kide, eta, alkate izendatu aurretik, hainbat ardura-postu bete zituen hasieran: udal Langileria, Zerbitzu eta Ogasun sailetako zinegotzia eta Hirigintza Saileko arduraduna. Era berean, urte askoan Eibarko Udalean ordezkatzen duen alderdi politikoaren (PSE-EE) bozeramailea izan zen.

De los Toyos, gainera, Eibarko sozialista historikoen seme eta biloba da, bere aita, Jose Luis, hamaika urtez zinegotzia izan baitzen, eta bere osaba aitona bat, Juan de los Toyos, 1931ko apirilaren 14an Eibarren bandera errepublikarra igotzeaz arduratu zen, Jose Antonio Agirreren lehen Eusko Jaurlaritzan sailburu izateaz gain.

Aro demokratikoan, hiri armaginak Mikel Larrañaga eta Jesus Maria Agirre abertzaleak eta Aurora Bascaran, Iñaki Arriola eta Miguel de los Toyos sozialistak izan ditu alkate, eta zerrenda horri egun gutxi barru gehituko zaio, Jon Iraola.