Mekola eta San Juan arteko pasealekuaren berrurbanizazioa datozen asteetan hasiko da
Estudios y Obras Rekalde SL taldeari adjudikatutako lanek 430.000 euro baino gehiagoko aurrekontua dute. Trenbide gaineko jarduketa bat izanik, udala baimenak izapidetzen ari da Euskotrenekin.
Udala aurrera egiten ari da Mekola eta San Juan arteko pasealekuaren berrurbanizazio-lanen prestaketan, proiektua Estudios y Obras Rekalde SL enpresari adjudikatu ondoren. Une hauetan, Euskotrenekin izapidetzen ari da beharrezkoak diren baimenak, jarduketa trenbide gainean egingo baita.
Administrazio-izapideak aurreikusita dagoen bezala badoaz, lanak datozen asteotan hasiko dira, azken urratsak formalizatu ondoren.
Proiektuak 433.269,19 euroko aurrekontua du, eta honako lan hauek aurreikusten ditu: zoladura osorik berritzea, irisgarritasuna hobetzea, hiri-altzariak aldatzea eta lurpeko azpiegiturak eguneratzea, saneamendua, hornidura eta euri-uren drainatzea barne. Jarduketa honi esker, hiriko hainbat auzo lotzen dituen pasealeku baten funtzionaltasuna, segurtasuna eta kalitate estetikoa hobetuko dira.
Jon Iraola alkateak azpimarratu duenez, obraren helburua da kontsolidatutako espazio bat zaintzea eta eguneratzea, eta auzotarren eskariei erantzutea: “Hobekuntza honek bizilagunen aspaldiko eskabide bati erantzuten dio. Gure xedea da espazio publikoaren erosotasuna, irisgarritasuna eta kalitatea indartzea”.
Bigarren balorazio batean, alkateak adierazi du udalak espazio urbanoak behar bezala mantentzeko eta hobetzeko konpromisoa duela. “Eibar xehetasunak zainduz ere eraikitzen da. Batzuetan kontua ez da obra ikoniko handiak egitea, baizik eta eguneroko bizitzaren parte diren tokiak zaintzea. Mekolako pasealekua horren adibide da; auzotarrei entzun eta haien egunerokoa hobetzen saiatu gara”.
Pedro Escribano Obretako zinegotziak egitasmoa gauzatzea bermatzeko beharrezkoa den koordinazio teknikoa azpimarratu du. “Trenbideari eragiten dion gunea denez, lanean dihardugu Euskotrenekin baldintza guztiak betetzeko. Obrak lehenbailehen hastea nahi dugu, berme guztiekin”.
Hobekuntzen artean, aurreikusten da jardinerak, bankuak eta paperontzi berriak jartzea, bai eta atarietarako sarbide-mailak mantentzea ere, obrak egiten diren bitartean auzotarren erosotasuna eta eremuaren eguneroko jarduera babesteko.