Eibarko Udala
auzozainak

Martxoan hasiko dira lanean auzozainak, segurtasuna eta hurbiltasuna helburu

2026/02/13
Artxiboko irudia.

Apustu egin da gertutasunaren eta arreta zuzenaren alde. Lau auzozain arituko dira lanean, elkarbizitza eta hiri-segurtasuna hobetzeko.

Eibarko Udalak urrats bat egingo du aurrera segurtasunaren alde martxotik aurrera, orduan hasiko baitira lanean auzozain berriak, zeinek elkarbizitza eta herritarren zuzeneko arreta zainduko duten. 

Auzozainena oso figura estimatua da, eta etengabeko harremana ahalbidetzen du Udaltzaingoaren eta hiriko auzoen artean, komunikazio arina eta eremu bakoitzeko premien ezagutza sakonagoa sustatuz. Auzozain bakoitzak eremu jakin bat izango du: Amaña-Legarre, Urki-Ipurua, Jardiñeta-Ekialdea eta Ekialde-Erdigunea; hala, hiri osoaren estaldura integrala bermatuko da. “Helburua da Eibar hiri hurbilagoa eta seguruagoa izatea, eta jendeak jakitea, edozein intzidentziaren aurrean, badagoela norbait entzuten, aholku ematen eta azkar jokatzen duena”, azaldu du Jon Iraola alkateak. "Kontua ez da zaintzea soilik, baizik eta herritarren ondoan egotea, saltokiei, eskolei, gizarte-kolektiboei eta auzotarrei eguneroko arazoak konpontzen lagunduz”. 

Auzozainek eskumen berriak dituzte eta baita hurbiltasunera egokitutako patruilatze-eredu berri bat ere: oinez eta motorrez patruilatuko dute. Horri esker, herritarrekin harreman hurbilagoa izateaz gain, edozein egoeraren aurrean arinago erantzun ahal izango dute. Hauexek izango dira haien egitekoak: arazoak garaiz detektatzea, kolektibo zaurgarriei arreta ematea eta espazio publikoko gabeziak antzematea. 

Erraz identifikatzeko modukoak izan daitezen, agenteek bereizgarri bat izango dute, eta auzo bakoitzeko puntu estrategikoetan egongo dira, hala nola ikastetxeetako sarrera-irteeretan, haur-parkeetan, merkatuetan edo jende gehien biltzen den eremuetan.  “Auzoetan egongo direnez, lehenago har diezaiekegu aurrea arazoei, eta konponbideak azkar eta eraginkortasunez koordinatu ditzakegu”, gaineratu du alkateak. "Haien lana herritarren eta udalaren arteko zubi bat da, eta hurbiltasun horrek eibartar guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko digu”- 

Ekimen honekin, prebentzioa, hurbiltasuna eta lankidetza uztartzen dituen segurtasun-eredu bat indartzen da; aldi berean, herritarrek Udaltzaingoarekin duten konfiantza sendotu eta hiriko auzo bakoitzarekin dituzten loturak bermatuko dira.

Bestalde, Udalak iragarri du datozen hilabeteetan trafiko-kamerak instalatzen hasiko direla hainbat puntu estrategikotan, sarrerak eta irteerak barne. Horrek bide-segurtasuna indartuko du, eta, aldi berean,  aukera emango du udalerrira sartzen diren ibilgailuak ezagutzeko eta, hala badagokio, kontrolatzeko. 600.000 euroko neurri honek hiri-zaintza eta delituen prebentzioa hobetuko ditu.