Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Martxan da kaleetako grafitiak kentzeko bigarren kanpaina

2018/05/18

Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra arte, zabalik egongo da epea auzotarrek Udalari beren etxeetako fatxadak garbitzea eskatzeko; udako hilabeteetan egingo da lan hori. Udalak bigarren kanpaina bat abiatzea erabaki du, lehenengoak izan duen arrakasta eta herritarren artean izandako harrera ona ikusi ondoren; herriko hirurogei kale baino gehiagotan kendu ziren pintaketak eta grafitiak.

Eibarko Udalak kaleetako pintaketak eta grafitiak kentzeko beste kanpaina bat hasi du. Udako hilabeteetan egingo da eta duela gutxi egin den lehenengo kanpainaren jarraipena izango da. Pintaketak kentzeko programa hau bultzatzeko erabakia —Gobernu Taldeak Zerbitzuen Batzordean proposatua eta oposizioko taldeek  babestua— lehen fasearen arrakasta ikusita hartu da, bereziki herritarren inplikazioa, eta garbitu ziren fatxada eta hormen kopuru handia kontuan hartuta.

Lehenengo kanpainan egin zen bezala, auzotarren komunitateek Udalera jo beharko dute zer fatxadatan dauden pintaketak adierazteko; ondoren, dokumentazioa aurkeztuko dute eta baimena eman haien jabetzako fatxada horretan lan egiteko. Bigarren kanpaina honetan, pintaketak erretiratzeko eskaera-epea maiatzaren 21ean hasi eta ekainaren 22an amaituko da.

Eskaerak jaso ondoren, Zerbitzuen udal sailak lan-plangintza prestatuko du, eta uztailean, abuztuan eta irailean kenduko dira pintaketa eta grafitiak.  Lan hau egiteko, Udalak lau pertsona kontratatuko ditu. Auzotarrek planteatutako eskaerez gain, lehen kanpainan egin zen legez, udalaren titulartasuneko hormak ere garbituko dira, baldin pintaketak badaude.

Lehenengo kanpainan pintaketa eta grafiti ugari erretiratu zirenez, uste da bigarren honetan kopurua txikiagoa izango dela, eta garbituko diren fatxadak, hainbat arrazoi tarteko (eskaera batzuk epez kanpo jaso ziren) lehen esku-hartzetik kanpo geratu zirenak izango direla; horrez gain, garbitu ziren hormen mantentze-lanak egingo dira.

Lehenengo kanpaina joan den apirilean egin zen eta, haren bidez, Eibarko hirurogei kale baino gehiagotan pintaketa eta grafitiak kendu ziren, eta auzotarrek planteatutako eskaeren % 100i erantzun zitzaion. Lanak auzoka egingo dira data desberdinetan. Kanpaina hori aurrera eramateko, Udalak hamabi pertsona kontratatu zituen pertsonako lau hilabeteko kontratuen bidez. Haietako seik urriaren eta urtarrilaren artean egin zuten lan, eta beste seiek abendutik apirilera bitartean.  

Udaltzaingoaren esku-hartzeak

Pintaketak erretiratu eta garbitzeko ekimen hau beste era bateko neurriekin osatzen ari da, pintada horiek egitea saihesteko. Udala esfortzu handia egiten ari da pintaketen egileak identifikatu eta haien ekintzen erantzukizunari aurre egin diezaioten. Lan horren ondorioz, urte honetan zehar, Udaltzaingoak hamabi lagun baino gehiago identifikatu ditu, eta hiru grafitigileri (pintaketen egileak direla erakusteko frogak egoteagatik) zehapen-espedientea ireki die; horrek esan nahi du pertsona horiek isun bat ordaindu beharko dutela (120 euro eta 400 euro bitartekoa), eta baita pintaketa kentzeak eragindako kostua ere.

Grafitiak behin eta berriz agertzen direnez, Eibarko Udalak ekintza gogorragoak hartzea erabaki du pintaketen egileen aurka, itxura denez, orain hartu jarri diren isun ekonomikoak ez baitira nahikoa izan. Edozein kasutan ere, Udalak dei egiten du errespetuz jokatzeko, herriko kaleak eta fatxadak garbi eta txukun egon daitezen.

Fatxadetako pintadak garbitzeko eskaera orria deskargatu eta betetzeko SAKATU HEMEN.