Eibarko Udala
irisgarritasuna

Martxan da Barakaldo kalea eta Estaziño-Azitain pasealekua lotuko dituen igogailu berria

2026/04/13
Barakaldo kaleko igogailu berria.
Barakaldo kaleko igogailu berria.

Igogailuak hobetu egingo du irisgarritasuna eta indartu oinezkoen konexioa. Proiektuak ez dio kosturik eragin udalari, instituzioen arteko lankidetzari eta finantzazio partekatuari esker.

Eibarko Udalak martxan jarri du gaur Barakaldo kaleko igogailu berria, modu nabarmenean hobetuko duena Estaziño-Azitain pasealekuarekiko konexioa. Jarduketaren ondorioz, inguru horretako puntu beltz nagusienetako bat desagertu, eta erraztu egingo da Barakaldo kalearen eta “Electrociclos” inguruaren arteko irisgarritasuna. 

Igogailu honekin gainditu egingo da pertsona nagusien edo mugikortasun urriko pertsonen igarobidea zailtzen zuen oztopo fisiko nabarmen bat, udalak hiri irisgarri eta inklusibo bat lortzeko duen konpromisoaren baitan. 

Jarduketa Next Generation EU funtsen bidez finantzatu da, Espainiako Gobernuaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren esparruan, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren eta Eibarko Udalaren arteko hitzarmen baten bidez; Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez gauzatu da. 

Jon Iraola alkateak hauxe adierazi du: “Hiria hobetzen jarraitzen dugu, plangintza koherente eta arduratsu bati erantzuten dioten proiektuen bidez, arreta irisgarritasunean eta kalitatean jarriz. Proiektu honek erakusten duenez, erakundeen arteko lankidetza dagoenean, hiria eraldatzeko gai gara, udal-baliabideak arriskuan jarri gabe". 

Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak balioan jarri du obra honen inpaktu urbanistikoa: “Igogailu honekin pauso garrantzitsua eman dugu oztopoak kentzeko, auzoen arteko lotura hobetuz eta ingurune irisgarriagoa eta seguruagoa sortuz. 

Udalak administrazioen arteko lankidetzaren eta plangintza arduratsuaren funtsezko eginkizuna nabarmendu nahi izan du, hiri-eredu irisgarriago, orekatuago eta kohesionatuago batean aurrera egiten jarraitzeko funtsezko zutabe gisa.