Eibarko Udala
Azoka

Loreen, Landareen eta Zuhaitzen XV. Azoka egingo da Urkizun

2025/03/10
Azoka.

Eibarko Udalak eta Dekolore elkarteak antolatuta, Euskal Herriko hainbat herritatik etorritako hamahiru ekoizle izango dira azokan, eta umeentzako bi tailer ere eskainiko dira. Ekimenak espazio berean elkartzen ditu ekoizleak eta kontsumitzaileak.

Eibarko Udalak eta Dekolorek (Landareen inguruko dibulgazio-elkartea) Loreen, Landareen eta Zuhaitzen Azokaren beste edizio bat antolatu dute martxoaren 15erako, 10:00etatik 14:30era. Hasiera batean Urkizuko parkean egitea aurreikusita bezagoen ere, eguraldiaren aurreikuspenak kontuan izanda, Errebaleko plaza estalian egitea erabaki da. Bertan, hamahiru ekoizlek hartuko dute parte.

Eibarren urtero egiten den Azokaren XV. edizio honetan mota guztietako landare eta lore naturalak ikusteko eta erosteko aukera egongo da: fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, baratzekoak, kaktusak eta beste batzuk. Erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak ere egongo dira, kosmetika naturaleko produktuak, eta artisautza, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak, lore-motiboak dituzten bitxiak, edo banbuzko oinarrietan kapsulatutako lore lehorrez edo eukaliptoz egindako bitxiak.

Azokaren beste helburuetako bat da landareen erabilerari buruzko informazioa zabaltzea, eta, horretarako, goizean umeentzako bi tailer egingo dira. 11:30etik 12:30era bitartean prentsatutako loreen tailer bat egingo da; eta 12:30etik 13:30era landatzen ikasteko tailer bat.

XV. edizio honetan parte hartuko duten ekoizleak hauexek dira: Zunoyar Lorategia, Oiartzungoa (barrurako, apaintzeko eta bildumarako landareak); Viveros Belar, Zaldibarkoa (fruta-arbolak); Islaya, Oiartzungoa (kaktusak eta landare zukutsuak); Ortuberri, Iurretakoa (baratze- eta lore-landareak); Urtinea, Usurbilgoa (barrurako landareak, apaintzekoak eta sasoikoak); Javier Beaskoetxea, Iurretakoa (moztutako loreak, lore lehortua, kaktusak eta landare zukutsuak); Aritzkurengo Tiendua, Nafarroakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Lore Prentsatua, Donostiakoa (lore prentsatuak, lore lehorrekin egindako koadroak); Hazi Ekologikoak, Lasartekoak (erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak); Sojo Natura, Lekunberrikoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Sara Letamendia, Aizarnakoa (kosmetika naturaleko artisau-produktuak); Flores Ganchillo, Nafarroakoa (lore-motiboak dituzten bitxiak), eta Tissus Artisautza, Atxondokoa (lore lehor kapsulatuak).

Azoka hauek ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko topagune izan nahi dute, ekoizleek beren eskaintza zuzenean publikoari erakutsi ahal diezaioten, era horretan, hurbileko eta zuzeneko salmenta mota bat ahalbidetuz. Gainera, ekoizleen aniztasunari eta espezializazioari esker, eskaintza zabal bat lortzen da, ez dena erraz topatzen.

Jon Iraola Eibarko alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du:  “Loreen, Landareen eta Zuhaitzen Azokak, batetik, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana sustatzen du, eta, bestetik, kontzientzia ekologikoa eta naturarekiko maitasuna".

Jarduera 10:00etatik 14:30era egingo da, Errebaleko plaza estalian. Azoka aukera ezin hobea da landareen mundua gehiago ezagutzeko, produktu bereziak eskuratzeko eta giro natural eta hurbilaz gozatzeko.

Albistearen azken eguneratze-data: 2025-03-14