Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Lizitazioan Ubitxa eta San Kristobal artean bi igogailu berri jartzeko proiektuaren idazketa

Lizitazioan Ubitxa eta San Kristobal artean bi igogailu berri jartzeko proiektuaren idazketa

Igogailu berriak ipiniko diren tokia, Ubitxa kaleko 2 zenbakiaren ondoan.

2019/05/24

Irisgarritasun-planen barruan, Udalak lizitaziora atera du San Juan kaleko plazatxoa berrurbanizatzea eta Ardantza kalerako igogailuan geraleku berri bat sortzea, 9 zenbakian.

Auzoetako irisgarritasun-hobekuntza planen barruan, Udalak lizitaziora atera du Ubitxa kalea San Kristobalekin lotuko duten bi igogailu publikoen proiektua idaztea. Igogailuen abiaburua Ubitxa kaleko 2 zenbakiaren ondoan egongo da eta San Kristobal 21 zenbaki parean amaituko. Igogailuok herriaren beste puntu batzuetan daudenen antzekoak izango dira.

Proposamena egiterakoan, irtenbiderik egokiena bilatu da kontuan izanik helburuak direla Ubitxa eta San Kristobal artean dagoen auzoaren goi aldeari zerbitzua ematea, alde horretako irisgarritasuna oso zaila baita aldapa handiak daudelako kaleen artean; ahalik eta auzotar gehienei zerbitzua ematea; eta ingurunean ahalik eta inpakturik txikiena eragitea.

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “Eibarko auzo guztiei irisgarritasuna bermatzea lehentasun bat da eta urrats sendoak ematen ari gara horretarako. Igogailu horiek auzokideen aspaldiko eskaera bat dira, eta soluzio ezberdinen bideragarritasuna aztertu ondoren, behin betiko proiektua enkargatuko dugu obra egin ahal izateko”.

Horretarako, proposatutako soluzioa izango da bi igogailu jartzea kota ezberdinetako pasarelekin, elkarren artean 40 bat metroko distantzia batera bereizita, oinezkoendako ibilbide bat eratuz Ubitxa eta San Kristobal kaleak lotzeko, kale horien inguruan dauden etxebizitzei ere zerbitzua emanez.

Lehen igogailua Ubitxa kaleko 2 eta 4 zenbakien artean egongo da (Potosioren tailerrak izandakoak). Igogailu horrek bi geraleku izango ditu, non bi pasarelen bidez, 7,40 eta 25,80 metro luzekoak, sarbidea emango dieten 2 zenbakiko eta 4  etxabeko atariei. Goiko pasarela bigarren igogailuarekin lotuta egongo da, eta sarbidea emango die San Kristobal kaleko 4, 6 eta 21 atariei.

Bigarren igogailu hori 4 zenbakiko etxabearen ondoan jarriko da, gaur egun arrapala eta eskailera batzuk  dauden tokian sarbide ematen dietenak 4, 6 eta 21 pegorei; 3 geraleku izango ditu pasarela eta arrapalekin, pegoretarako sarbidean hirigintza-oztoporik ez izateko.    

Obra 57.475 euroan atera da lizitaziora (BEZa barne) eta exekuzio-epea 17 astekoa da. Proiektua landu ondoren, Udalak lizitaziora aterako du igogailu horiek eraikitzea. Aholkularitza batek aurrez egindako bideragarritasun-azterketa baten arabera, bi igogailu hauek eraikitzearen kostua milioi euro baino pixka bat gehiago izango da.

Igogailuaren geraleku berri bat San Juan 9

Udalak irisgarritasuna hobetzeko beste proiektu bat ere martxan jarriko du. San Juan kalea Ardantzarekin lotzen duen igogailuan irteera berri bat jarriko du. Hala, jada sortutako egitura aprobetxatuz, 9 zenbakirako sarbideak hobetu egingo dira, eta plazatxoa berriztu egingo da.  

Gaur egun, San Juan kaleko 9 zenbakian dagoen etxera joateko plazatxora eskaileren bidez iristen da San Juan kaletik bertatik.

Plaza honetako egungo galtzada-harria ez da egokia gurpildun aulkia duten pertsonendako edo umeen kotxeentzako, eta, hortaz zoru berria jarriko da baldosekin. Gainera, berriztu egingo da igogailu publikoaren sarrera jarriko den espazioa, oztopoak kenduta.

Obra 96.371 euroan atera da lizitaziora (BEZa barne) eta exekuzio-epea 13 astekoa da.