Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Liburutegiak eta Andretxeak proiektu bat landu dute elkarlanean genero-berdintasunean aurrera egiteko

Liburutegiak eta Andretxeak proiektu bat landu dute elkarlanean genero-berdintasunean aurrera egiteko

Andretxeako Liburutegia.

2019/07/24

Ekimenarekin lortu nahi da Andretxearen liburutegiko bildumari ikusgarritasuna eta sarbidea ematea, haur-literaturaren bidez koedukazioa lantzea eta gida tematikoak batera egitea.

Juan San Martin Udal Liburutegiak eta Andretxeak proiektu bat landu dute elkarrekin helburu hauexek dituena: bi entitateen arteko harremanak sendotzea Andretxearen liburutegiko bildumari ikusgarritasuna eta sarbidea emateko, haur-literaturaren bidez koedukazioa lantzea, martxoaren 8a edo azaroaren 25a bezalako ekimenetan batera jardutea, eta gida tematikoak elkarrekin lantzea.

Andretxeko funts bibliografikoak ikertzaileen eta, oro har, interesa duen edozeinenen esku jarri nahi dira. Liburutegia generoan, berdintasunean eta feminismoan espezializatua dago. 350 ale inguruko funts bat da, interes handikoa haren izaera monografikoagatik, betiere genero-ikuspegian oinarritua.

Proiektu hau aurtengo urtarrilaren eta uztailaren artean egin da; bi pertsona kontratatu dira Lanbideko lan-sustapeneko toki-ekimenetarako dirulaguntzen deialdiaren bidez. Egitasmoaren aurrekontua 33.458 eurokoa izan da; haietatik Udalak 19.633 jarri ditu eta Lanbidek 14.125.

Ekimen honekin, hainbat arlotako irakurketen bidez (ekonomia, literatura, sexualitatea edo osasuna) aurrera egin nahi izan da generoari buruzko pedagogia feministetan, bai eta emakumeek literaturari eta ikerketari egindako ekarpenei ikusgarritasuna eman ere. Halaber, bultzatu nahi izan da intereseko gai ezberdinetan generoaren ikuspegia aztertzea eta erreferentziazko gune bat izatea informazioa lortu eta partekatzeko.

Beste helburu bat izan da materialak eskaintzea geletan eta familietan koedukazioa lantzeko, eta material hezitzaileak eskura jartzea genero-indarkeria, indarkeria matxista eta sexista ulertzeko eta ikuspegi sozial, politiko, ekonomiko eta psikologiko batetik aztertu eta tratu onak bultzatzeko. Eta, azken finean, Andretxearen eta Liburutegiaren arteko harremanak sendotzea, jardunaldi puntualetan lankidetzan arituz eta elkarrekin gidak eginez.

Miguel de los Toyos alkatearen esanetan, “ekimen hau Eibarko Udalak, zeharkakotasunaren ildotik, Berdintasunean lan egiteko duen konpromisoaren erakusgarri da” Dudarik gabe, irakurketa eta kultura, oro har, oso modu baliagarriak eta eraginkorrak dira emakumeen ahalduntzea lortzeko".

Horretarako, azken hilabete hauetan Andretxearen funts bibliografikoaren katalogazioa, sailkapena eta tratamendua egin da, metodologia parte-hartzaile baten bidez, sarean eta eragile ezberdinen artean koordinaturik.  Kontratatutako bi pertsonek Andretxeko egoitzan jardun dute lanean: liburutegiaren azterketa bat egin dute, obrak katalogatu, erregistro bibliografiko bat landu, eta liburutegi espezializatu horren katalogoa Euskadiko Sare Publikoaren Katalogoan sartu dute Juan San Martin Liburutegiaren azpiatal batean.

Horren ondorioz, nabarmen hazi da Andretxearen liburutegiko funtsaren mailegu-kopurua. Egitasmoak, gainera, balio izan du Andretxearen eta Udal Liburutegiaren arteko sare-lana eta kolaborazioa sendotzeko. Lankidetza horren harira, hainbat jarduera egin dira, hala nola gida bereziak Martxoaren 8rako (Emakumeen Nazioarteko Eguna) eta azaroaren 25erako (Indarkeria Matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna), edo ‘Microfísica sexista del poder: el caso Alcasser y la construcción del terror sexual’ liburuaren aurkezpena, “Itsaspeko Bihotzak” proiektu koedukatiboa, edo gune literario bat genero-berdintasuna haur-literatura bidez lantzeko.

Egitasmoaren barruan, halaber, atal bat sortu da baliabide digitalei buruzkoa Berdintasuna-Andretxearen webgunean. Honako link honen bidez https://www.eibar.eus/eu/berdintasuna-andretxea/prestakuntza-espazioa/liburutegia?set_language=eu sar daiteke Berdintasuna-Andretxea webguneko Liburutegiaren atalera; aukera dago Berdintasunaren inguruko liburuen katalogoa eta gidak deskargatzeko.