Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Legarreko aparkaleku-gune berria, 56 plazarekin, martxan da dagoeneko

Legarreko aparkaleku-gune berriaren argazkia.

Legarreko aparkaleku-gune berriaren argazkia.

2022/12/14

Obrari esker, lehen zeuden 26 plazari 30 aparkaleku berri gehiago gehituko zaizkio auzora sartzeko bidean. Proiektuak 640.259 euroko kostua izan du, eta Legarreko aparkalekuaren arazoa neurri handi batean arintzea ahalbidetuko du.

Eibarko Legarre auzoak aparkalekuen espazio publiko berria du egun batzuetatik hona. Udalak saihesbidetik auzora sartzeko bidean egindako obren ondorioz, 30 aparkaleku berri lortu dira.

Hala, egitasmoari esker, lehen zeuden 26 plazetatik 56 plaza izatera pasatzea lortu da. Hasieran uste zuten obrekin 27 plaza berri egokitu ahal izango zirela, baina, azkenean, hiru aparkaleku gehiago jarri ahal izan dira.

Horrela, auzora sartzeko bidean zehar berrogeita hamar aparkaleku baino gehiago egongo dira, batzuk lerroan eta beste batzuk baterian, guztiak behar bezala seinaleztatuta. Horrezaz gain, espaloiak eraiki dira, asfaltatu egin da, eta seinaleak eta argiak jarri dira.  Egitasmo honen bidez auzoan aparkatzeko zegoen arazoa arindu egin da, neurri batean.

Egindako lanen bidez, mendi-hegalari zati bat kendu zaio, saihesbidearen eta Legarregainerako sarreraren artean, goranzko noranzkoan, galtzada zabaltzeko eta aparkaleku-eremu bat sortzeko adina leku lortzeko.

Proiektuaren jarduera-eremuak errepide osoa hartu du, alegia, 165 bat metro, saihesbideko sarbidetik errepidearen puntu altueneraino, Legarregaineko oinezkoen pasabidea igaro ondoren.  

Eskuinaldean, goranzko noranzkoan, lerroko aparkalekuak jarri dira, bai eta espaloi bat ere, zenbait zatitan hegal bat eraikiz sortutakoa. Aparkaleku bat ere laga da mugikortasun murriztuko pertsonentzat.  Eta ezkerraldean bateriako aparkalekuak jarri dira (errepidearen erdiraino) eta lerrokoak (azken zatian).

Halaber, oinezkoak pasatzeko guneek, beren ibilbide osoan gutxienez 1,50 metroko zabalera izango dute, oinezkoak eroso igarotzea ahalbidetuz. Oinezkoen pasabide guztiak espaloien mailara jarri dira eta irisgarritasun-araudia betetzen dute.

Aparkaleku berria martxan jarri ondoren, Jon Iraola alkateak zera adierazi du: “Obra honek aukera ematen du Eibarko aparkalekuak handitzeko udal-planekin aurrera egiten jarraitzeko. Udala lanean ari da egitasmo horretan, eta lanean jarraituko du martxan dauden beste proiektu batzuekin, datozen hilabeteetan gauzatzen joango direnak.”

Obrak apirilean adjudikatu zitzaizkion Construcciones Zubieder enpresari 640.259 eurotan.

Legarren aparkaleku berriak sortzeko proiektu hau Eibarko PSE-EE eta Eibarko EAJ-PNV udal-taldeek iazko aurrekontuetan lortutako akordioaren emaitza da. Akordio horren arabera, ‘Errebal Plazia’ erabilera anitzeko eraikin berrian garajeak eta trastelekuak emakidan adjudikatzean sortutako diru-sarreren parte bat Legarreko aparkalekuak egiteko erabili da.