Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Laguntza teknikoetarako zerbitzu berria jarriko da martxan menpekotasuna dutenentzat

Laguntza teknikoetarako zerbitzu berria jarriko da martxan menpekotasuna dutenentzat

Menpekotasuna duen pertsona. Argazkia: pixabay.com

2019/02/22

Gizartekintza sailetik martxan jarriko duten zerbitzu horren bidez, menpekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala hobetu nahi da, baita beren eguneroko bizitzan hobeto moldatzen laguntzea ere.

Eibarko Udalak abian ipiniko du babeserako produktuen zuzkidura edo hornikuntza zerbitzua autonomia pertsonala eta irisgarritasuna hobetzen laguntzeko desgaitasuna, menpekotasuna edo gaixotasun larriren bat duten pertsonei. Helburua da herri mailan berehala jartzea martxan laguntza-produktuak, Gipuzkoako Foru Aldunditik laguntza ematen hasten direnera arte.

Hala, laguntza-produktu gisa ulertzen da "desgaitasuna duen pertsona batek erabiltzen duen produktu, tresna, hornikuntza edo ekipamendu, edo sistema tekniko bat desgaitasuna edo urritasuna prebenitzeko, berdindu edo konpentsatzeko, arintzeko edo ezabatzeko". Gizartekintza sailetik adierazi dutenez, emango diren laguntza-produktu guztiak berreskuragarriak izango dira.

Zerbitzuaren helburuak ondorengoak dira: autonomia pertsonala eta irisgarritasuna hobetzea, pertsonen egunerokotasunean askatasunez mugitzeko baliabideak ipintzea, eta aldi baterako eta berehala laguntza teknikoak ematea beharra duten pertsonei eta familiei.

Hartzaileak

Hartzaileak desgaitasuna edo menpekotasuna duten pertsonak izango dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo organo jakin batek beste lurralde batzuetan hala aitortuta, baita gaixotasun larriren bat duten pertsonak ere.

Baldintzak

Zerbitzua erabili ahal izango dute Eibarren erroldatuta dauden pertsona guztiak, menpekotasuna edo desgaitasuna dutenak eta gaixotasun larriak dituztenak.

Gizartekintza saileko zinegotzi den Idoya Sarasquetak adierazi duenez, "zerbitzua hemendik gutxira jarriko da martxan eta datorren asteleheneko osoko bilkuran ere eztabaidatuko da. Gizartekintza sailetik ezarriko diren irizpideak betetzen dituztenek zerbitzua nahi adina erabili ahalko dute eta, modu horretan, beren eskura izango dituzte behar dituzten laguntza-produktu edo materialak".