Kudi eta La Alegría de la Huerta, On Ekin sarien XII. edizioko irabazleak

Sarien banaketa ekitaldia urriaren 17an egin zen Errebal Plazan.
Urriaren 17an, osteguna, izan zen Ekingune ekintzaileen arteko lankidetzarako eta sustapenerako elkarteak antolatutako On Ekin enpresa ideien eta proiektuen sarien hamabigarren edizioa.
Lehiaketa Errebal Plazan izan zen, eta bertan hartu zuten parte Jon Iraola Eibarko alkateak, Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoa, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, eta baita Karlos Barrenetxeak eta Inma Ramosek ere, Laboral Kutxatik, lehen sariaren babesle gisa, eskualdeko ekintzailetza arloko hainbat ordezkariz gain.
Ohiko Photocallaren ondoren, Coben Group Business Angels enpresako Idoia Iturberen hitzaldiarekin hasi zen ekitaldia “Fundamentos de la inversión en startups y empresas (de nueva creación)” - Startup eta enpresetan (sortu berrietan) inbertitzearen oinarriak- izenburupean.
Ohi bezala, eskualdeko eragile ekonomiko eta sozialek osatutako epaimahai batek aukeratu zuen On Ekin saria irabazi zuen proiektua, eta, gainera, beste behin ere, ekitaldian parte hartu zutenek Publikoaren Saria bozkatu zuten.
10 hautagaiak arretaz entzun ondoren, On Ekin 2024 saria, Laboral Kutxak babesten duena 2.000 eurorekin, Goretti Abascal eibartarraren KUDI proiektuarentzat izan zen. Proiektuak finantza pertsonalak kudeatzeko eta finantza-hezkuntzarako laguntza birtualeko aplikazioa lantzen du.
Bestalde, ekitaldira bertaratu zirenek Nacho Pradoren La Alegría de la Huerta ekimenari eman zioten Publikoaren Saria. Umorezko ekitaldietan oinarritutako ikuskizun-ekoiztetxea da, eta zoriontasuna eta ongizatea sustatu nahi ditu, kultura-esperientzia paregabeen bidez, Eibarren lehen mailako bakarrizketa-jaialdi batekin hasita.
Publikoaren Saria 1.000 eurokoa da, 5 euro gehituta, ekitaldian parte hartzen duten izen-emate bakoitzeko. Ekitaldia amaitu ondoren, bertaratutako guztiek iritziak trukatu zituzten eta Baratze Gourmet jatetxeak egindako pintxo sorta eder baten inguruan irabazleak zoriontzeko aukera izan zuten.
Ekingune elkarteak eskerrak eman dizkie Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegu eta Berrikuntza Sailari, epaimahaikideei, babesleei eta bazkide guztiei.