Kontratazio-mahaiak Iza-Campezo aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatu dizkio Errebalen egiteko dauden obrak
Eibarko Udaleko kontratazio-mahaia gaur bildu da Errebaleko eraikina amaitzeko falta diren obrak egiteko aurkeztu diren bederatzi enpresen eskaintzak zabaltzeko. Hamaika enpresa izan dira aurkeztukoak, baina bi kanpoan utzi dira kalitate-irizpide gutxienekoak ez betetzeagatik. Azkenean, mahaiak Iza eta Campezo enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatzeko proposamena egin du. Obrak 5.369.178,80 euroan (BEZa barne) adjudikatu dira behin-behinean eta 15 hilabetean amaitzeko epearekin.
Lanak 6.399.497,98 euroan (BEZa barne) atera ziren lizitaziora eta 18 hilabetean egiteko epearekin, beraz, % 16aren jaitsiera ekonomikoa izan dute eta 3 hilabete gutxiagoko epea. Adjudikazio-irizpideetan eskaintzen prezioak 35 puntuko balorazioa zuen; 65 puntu zeuzkaten eskaintzaren kalitate-irizpideek. Iza-Campezo laugarrena izan da eskaintza teknikoaren balorazioan, eta onena proposamen ekonomikoan.
Kontratazio-mahaiak aintzat hartu du Iza-Campezok 4 urteko obra-bermea eskaini izana, pleguetan jasotzen zen gutxieneko berme-epea urtebetekoa baitzen. Halaber, balorazio ona jaso du lanak egiten diren bitartean trafikoari egingo zaion eragina minimizatzeko adjudikaziodunak egin duen proposamenak. Aldi baterako enpresa-elkarte hori osatzen duten enpresetako batek, Izak, Bilbon du egoitza soziala; besteak, Campezok, Donostian.
Kontratazio-mahaiak egindako adjudikazio-proposamenaren ondoren, adjudikazioa eskuratu duen enpresak 10 eguneko epea du Kontratazio Atalak eskatutako agiriak aurkezteko eta, Udalean, fidantza gisa, adjudikazio-prezioaren % 5a uzteko. Udal arduradunek uste dute, izapide horiek egin ondoren, Aste Santua baino lehen sinatuko dela kontratua behin betikoz. Kontratua sinatze horrek ekarriko du Errebaleko erabilera anitzeko gunea osatzeko falta diren obrei ekitea.
Kontratu hau eskuratzeko eskaintzak aurkeztu dituzten 11 enpresa horien proposamen teknikoak atzotik daude eskegita Eibarko Udalaren webgunean, eta, gaur bertan kaleratu da proposamen ekonomikoak zabaldu eta kontratazio-mahaia bildu ondoren Iza-Campezo aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatzeko proposamena.
Errebal Plaziaren proiektua osatzeko obren behin-behineko adjudikazioaren ondoren, Miguel de los Toyos alkateak adierazi du “gaur, pauso garrantzizko bat eman dugu Errebaleko obrei berrekiteko". Alkateak berretsi du proiektu honen inguruko gauza guztietan “hertsiki betetzen ari direla Administrazio Publikoetako Kontratu Legeak ezarritako epeak”.