Kirol-materiala mailegatzeko bi estazio adimendun jarri dira Torrekuan eta Unben
Herritarrek doan mailegatu ahal izango dute kirol-ekipamendua 90 minutuz, mugikorreko aplikazio baten bidez. Ekimen honek indartu egiten du Eibarrek laborategi urbano gisa duen posizionamendua, kirolaren eta ongizatearen arloko berrikuntzari begira.
Eibarko Udalak kirol-materiala mailegatzeko bi estazio adimendun jarri ditu martxan Torrekua eta Unbeko instalazioetan, helburua izanik kirol-jarduerarako sarbidea erraztea, bizi-ohitura osasungarriak sustatzea eta baliabideen erabilera partekatuan oinarritutako kontsumo-eredu jasangarriagoa sustatzea.
Estazio horiek, aplikazio mugikor baten bidez, ahalbidetu egingo dute edozein erabiltzailek doan eskuratu ahal izatea kirol-materiala, bere ekipamendua erosi edo garraiatu beharrik gabe. Sistema ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarritzen da, eta materialen erabilera optimizatzea du helburu; izan ere, material horiek, askotan, tarteka baino ez dira erabiltzen. Bestalde, herriko kirol- eta aisialdi-guneak dinamizatzen ere laguntzen du.
Zerbitzuak aukera ematen du materiala gehienez 90 minutuz erabiltzeko, kosturik gabe, hala, kirola modu espontaneoan, eskuragarrian eta irisgarrian egiteko.
Torrekuako estazioan saskibaloiko baloi bat, ping-pongean jokatzeko materiala eta haurrentzako jolasteko materiala. Unbeko estazioan, berriz, padelean aritzeko materiala eta futboleko baloi bat egongo dira.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, jarduera honek "erakusten du berrikuntza pertsonen zerbitzura jar daitekeela haien bizi-kalitatea hobetzeko. Kirola egitea gero eta errazagoa, eskuragarriagoa eta naturalagoa izatea nahi dugu, eta teknologia baliatuko dugu zerbitzu publiko berriak eskaintzeko. Gainera, proiektu hau guztiz bat dator Eibar herri berritzaile gisa sendotzeko garatzen ari garen estrategiarekin, gure herria gai baita gero beste herri batzuetara hedatu daitezkeen soluzioak abian jarri eta probatzeko".
Jarduera hau Eibar erreferentzia-ingurune gisa sendotzeko udal-estrategiaren parte da, kirolari, teknologiari eta herritarren ongizateari lotutako irtenbide berritzaileen esperimentazioan eta baliozkotzean. Alde horretatik, Udala Sportek Hub-en —Gipuzkoako kirol industriaren berrikuntzarako erreferentziazko espazioa— bitartez garatzen ari den lanarekin bat dator proiektua.
Ekonomiaren Garapeneko zinegotzi Vanesa Hortasek azpimarratu duenez, "proiektu honek Eibarrek duen apustua islatzen du laborategi urbano bat izateko, non enpresa berritzaileek beren irtenbideak ingurune erreal batean testatzeko aukera izango duten. Herritarrentzako zerbitzu berri bat eskaintzeaz gain, aukerak sortzen ditugu startupek eta enpresek inpaktu sozial eta ekonomikoa duten produktuak garatu ditzaten. Berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta herriaren arteko lotura hori gure garapen ekonomikoko estrategiaren oinarrietako bat da".
Herritarrentzat eskuragarri dauden kirol-zerbitzuak zabaltzeaz gain, ekimena esperientzia pilotua da, startup berritzaile batek garatutako irtenbide bat benetako erabilera-baldintzetan ebaluatzeko aukera emango duena. Horrela, proiektuak lagunduko du kirol-munduan aritzeko eredu berriei buruzko ezagutza sortzen, eta Eibarrek laborategi urbano gisa duen zeregina indartzen, berrikuntza, jasangarritasuna eta inpaktu soziala konbinatzen dituzten ekimenak garatzeko.
Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol Arloko zinegotziak adierazi duenez, "nahi duguna da edozein pertsona gure kirol instalazioetara hurbildu eta haiek erabiltzea, material falta oztopo izan gabe. Sistema honekin, kirol-jarduera irekiagoa, inklusiboagoa eta malguagoa eskaintzen dugu, eta, aldi berean, baliabide partekatuen zaintza eta espazio publikoen erabilera arduratsua sustatzen ditugu".
Zerbitzuaren funtzionamendua
Trainout estazioak konpartimentu desberdinak dituzten egitura metaliko adimendunak dira, zeinetan kirol-material partekatua gordetzen den. Zerbitzua erabiltzeko, aurretik Trainout-eko aplikazio mugikorra deskargatu behar da, eta erregistro-prozesu erraz bat osatu norbere datu pertsonalekin.
Behin identifikatuta, aplikaziotik bertatik hurbilen dagoen estazioa aurkitu ahal izango da, eta dagokion konpartimentua automatikoki ireki, aukeratutako materiala eskuratzeko.
Mailegua erabat doakoa da lehen 90 minutuetan. Jarduera amaitutakoan, ekipamendua konpartimentu berera itzuli beharko da, gero beste pertsona batzuek erabili ahal izan dezaten. Horrela, sistemak behar bezala funtzionatzen duela bermatu eta kirol-baliabideen erabilera arduratsua eta partekatua sustatuko da.