Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kanpaina berri bati ekin zaio, 10.000 euro baino gehiago bonuetan banatzeko, Errebaleko 42 establezimendutan erosketak egiteagatik

Kanpaina berri bati ekin zaio, 10.000 euro baino gehiago bonuetan banatzeko, Errebaleko 42 establezimendutan erosketak egiteagatik

Errebal.

2019/10/14

Kanpainari atxikitako saltokiek bi eta 50 euro arteko bonuak banatuko dituzte erosketaren arabera, azaroaren 2tik 16ra arte erosketak egiteko.

Eibarko Udalak eta Eibar Merkataritza Gune Irekiak kanpaina berri bat jarri dute martxan Errebaleko eremuan merkataritza aktibatzeko, 'Bizi Errebal' izenburupean. Kopuru ezberdinetako erosketa bonuak emango dira Errebaleko 42 establezimendutan bezeroek erosketak egiten dituzten unean. Guztira 10.000 euro baino gehiago banatuko dira bonoetan.

Kanpaina gaur astelehena, urriak 14, jarri da martxan, eta gaurtik hasita eta urriaren 31ra arte, edo saltoki bakoitzeko bonu-izakinak agortu arte, aipatutako 42 establezimenduetan erosketak egiten dituzten pertsonei 2, 5, 10, 20 edo 50 euroko bonuak banatuko zaizkie, egindako erosketa kontuan hartuta. Bonu horien zenbatekoa erosketa egin den establezimendu berean gastatu ahal izango da, azaroaren 2tik 16ra bitartean.

Kanpainari atxikitako 42 establezimenduek kartel bat izango dute kanpoan, parte-hartzaile moduan identifikatuko dituena. Erosketa egiteko unean, bonuak establezimenduaren zigiluarekin entregatuko dira, eta, horrela, ondorengo trukea denda berean egin beharko da. Eibarko Udalak finantzatzen du jarduera hori, eta Errebaleko Merkataritza Aktibatzeko Planaren barruan dago kokatuta.

Errebaleko Merkataritza eta Ostalaritza Aktibatzeko Planaren helburua Errebalen merkataritza dinamizatzeko neurri batzuk hartzea da, eta, ondorioz, merkataritza suspertzea eta saltoki eta ostalaritzako salmentak handitzea posible izango da.

Plan horren barruan, maiatza eta ekaina bitartean, merkataritza eta ostalaritza sustatzeko kanpaina bat egin zen Errebalen, eta 12.000 euro baino gehiagoko erosketa txekeen zozketa egin zen, aurretik kanpainan parte hartu zuten 43 dendetan erosketak egin zituzten bezeroen artean. 

etiketak: Errebal, Eibar