Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kaleetatik pintadak eta grafitiak kentzeko kanpaina berria martxan

2019/10/09

Azaroaren 7ra arteko epea dute auzotarrek beren etxeetako fatxadak garbitzeko eskaera egiteko. Udalak abian jarri du beste kanpaina berri bat, aurrekoek izan duten arrakasta eta harrera ona ikusita.

Eibarko Udalak pintadak eta grafitiak kentzeko kanpaina berri bat jarri du abian, jarraipena emanez iaz eta aurreko urteetan egin ziren kanpainei. Programa berri hau bultzatzeko erabakia aurrekoen arrakasta ikusita hartu da, bereziki kontuan hartuta pintadak kentzeko lekuak adierazteko herritarrek izan duten inplikazioa, bai eta garbitu ziren fatxada eta hormen kopurua.  

Kanpainaren jarduerek 103.000 euroko aurrekontua dute (BEZa barne).

Aurreko kanpainetan ez bezala —bizilagunen komunitatearen ordezkaritzak jo behar zuen Udalera pintadak dituzten fatxaden berri ematera—, oraingoan, auzotar bakoitzak egin ahal izango du, jabe zein errentari izan. Eskaerak egiteko epea zabalik da dagoeneko, eta azaroaren 7an amaituko da.

Beren fatxadetatik pintadak eta grafitiak erretiratzea nahi duten bizilagunek Pegorara jo beharko dute (Herritarrentzako zerbitzu bulegoa); bertan dago eskuragarri eskaera-inprimakia. Ondoren, eskabidea entregatu beharko dute, pintadaren argazki edo inprimatutako irudi batekin batera. Udal webgunean ere eskuragarri dago formularioa (www.eibar.eus).

Egiten den eskabidearekin, eskatzaileak baimena ematen dio Udalari pintadak kentzeko; halaber, onartuko du fatxadako materialen ezaugarriak direla-eta agian ezingo direla pintadak garbitu ohiko bitartekoekin, eta balitekeela ezin izatea lanok egin. Orobat, komunitate bakoitzeko eskatzaileak/ek onartu beharko du/dute fatxadetako azken emaitza, eta uko egingo dio/diote edozein erreklamazio egiteari.

Eskaerak jaso ondoren, Zerbitzuen udal sailak lan-plangintza prestatuko du, eta hurrengo hilabeteetan pintadak eta grafitiak kentzen hasiko dira. Auzotarrek planteatutako eskaerez gain, udalaren titulartasuneko hormak ere garbituko dira, baldin pintadak badaude.

Ekimen hau beste era bateko neurriekin osatzen ari da, pintada horiek egitea saihesteko.  Izan ere, Udala esfortzu handia egiten ari da egileak identifikatu eta haien ekintzen erantzukizuna beren gain har dezaten. Zentzu horretan, egindako ikerketei esker eta herritarren lankidetzaren ondorioz —ezinbestekoa pintaden egileak identifikatzeko—, Udaltzaingoak 15 lagun identifikatu ditu, 2018az geroztik.

Gainera, eta grafitiak behin eta berriz egiten direla ikusita, zigor-neurriak hartzen ari dira pintada-egileen aurka. Behin identifikatuta, prozesuak luze jo dezake, kasu batzuetan, adin txikikoak baitira eta, zenbaitetan, ez baitute kaudimenik. Prozedura amaitu ostean, isuna ordaindu behar dute, bai eta dagokion fatxadaren konponketaren kostua ere.

Edozein kasutan ere, Udalak dei egiten du errespetuz jokatzeko, herriko kaleak eta fatxadak garbi eta txukun egon daitezen.

etiketak: pintadak, Eibar, grafitiak